Vitoria-Gasteizko Udalaren bizikleta erregistroaren aldaketa
2009an Vitoria-Gasteizko Udalak bizikleten borondatezko erregistro bat sortu zuen, eta Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak kudeatuta, edozein gasteiztarrek bere bizikleta udal datu-base datean erregistra ditzan ahalbidetzen du. Erregistroaren helburu nagusiak bi dira: bizikleta berreskuratzea hura galtzen bada edo lapurtzen badute, eta lapurtutako bizikleten merkatu beltza oztopatzea.
Orain arte, bizikleta erregistratzeko bizikletaren txasis zenbakia erabiltzen zen, bai eta CEAk ekoizten zuen eta Udalaren marka zeraman eranskailu batean zegoen kode bat ere. Horrez gain, bizikletaren jabeak hala nahi bazuen, bizikletaren koadroan txertatzen zen torloju baten bidez Bicitronic sistema erants ziezaiokeen bizikletari, beste kode batekin, segurtasuna handitzeko.
Bicitronic gailua merkaturatu zuen enpresa desagertu egin da. Hori dela eta, oraindik aurrera bizikleten erregistroa txasis zenbakiaren eta udal kodearen bitartez soilik egin ahal izango da.
Bizikleta udal erregistroan sartzeko modua orain artekoa bezalakoa da: eskaria Herritarrei Laguntzeko Bulegoetan edo udalaren webgunean egin beharko da, inprimaki bat betez. Dagoeneko ezinezkoa izango da bizikletak dendetan erregistratzea. Eskaria egiten duten guztiei, doan bidaliko zaie udal kodea duen eranskailua, bizikletaren koadroan ipin dezaten, argibideen oharrean esaten den tokian.
Oraindik aurrera Bicitronic bidez bizikleta gehiago erregistratuko ez den arren, lehendik kode horrekin erregistratuta daudenak erregistroan mantenduko dira. Bizikleta horiek udalaren eranskailua ere itsatsita dutenez, haien jabeek ez dute ezer egin beharrik erregistroan jarraitzeko.
Bizikleta nola eta zergatik erregistratu behar den azaltzen duen eskuorri bat bidali du CEAk bizikletak saldu eta konpontzen dituzten denda guztietara. Horrez gain, bizikletaren segurtasunari eta bizikleta zirkulazioari buruzko beste zenbait kontu ere sartu ditugu eskuorrian. Lapurreten kontrako kalitatezko gailuak eta argiztapen gailu egokiak erabiltzearen garrantzia nabarmendu dugu eskuorrian.
Gaur egun arte 4.793 bizikleta erregistratu dira Gasteizen, horietatik 779 Bicitronic sistemarekin ere bai.