Vitoria-Gasteizko txirrindularien portaerari buruzko azterlan berria, Bizikletaren Behatokiaren eskutik
> Informe de comportamiento ciclista en la ciudad de Vitoria-Gasteiz, año 2014
> 2012-2014 tarteko txostenen seriea
2012ko udaberrian CEAk txosten bat prestatu zuen hiriko txirrindulariak bizikletaz nola ibiltzen ziren ezagutzeko. 2013an Bizikletaren Behatokiari eskatu genion txosten hori egunera zezan, urte horretan hainbat neurri jarri baitziren martxan hiriaren erdialdeko zenbait kaleko zirkulazioa lasaitzeko eta hainbat kanpaina egin baitziren lasaitutako kale horietan txirrindulariak galtzada erabiltzera animatzeko.
2014ko urtarrilean zirkulazio ordenantza berria jarri zen indarrean, eta horrek aldaketa nabarmenak eragin zituen bizikleten zirkulazioaren erregulazioan: aldaketetako batzuk bizikletak galtzadatik seguruago mugi zitezen eta oinezkoen esparruetatik ibil ez zitezen izan zuten helburutzat.
2014ko azterlanean, aurreko urteetan aztertu ziren alderdiez gain, genero ikuspegia ere landu da eta beste hainbat kontu ere behatu dira: giltzarrapoen, argien eta beste segurtasun gailu batzuen erabilera.
Datuen laburpena
Bizikleten joan-etorrietarako nagusiak diren kaleetan behatu dira txirrindulari gehien, espero zen bezala: Alava Jeneralaren kalean, Gasteiz hiribidean, Senda ibilbidean, Errege-erregina Katolikoen kalean eta Frantzia kalean. Bizikleta fluxua txikiagoa da bizikletentzako erosoagoak diren beste ibilbide batzuk dituzten kaleetan (Florida ordez, txirrindulari askok Alava Jeneralaren kalea erabiltzen dute; Gorbea ordez, Gasteiz hiribidea; San Antonio ordez, Senda), edo ez dituzte lotzen biztanle asko dituzten guneak (Done Jakue hiribidea).
Nabarmena da bizikletentzako ongiegi prestaturik ez dagoen Errege-erregina Katolikoen kaleko erabilera handia. Seguraski, haren ordezkoa izan daitekeen kalerik ez duelako izango da.
Espaloien erabilera % 30 ingurukoa da orotara, baina desberdintasun handiak daude kale motaren arabera. Espaloi gainean bizikleta bidea duten kaleetan (Senda ibilbidea, Gasteiz hiribidea), txirrindulariak bide horretatik doaz kasuen % 99an.
Bizikleten eta tranbiaren elkarbizitza onartuta dagoela dirudi, Alava Jeneralaren kalean txirrindulari gehien-gehienek tranbiaren plataforma erabiltzen baitute. Bizikleta guztien % 4k soilik erabiltzen ditu espaloiak kale horretan.
Azterlanean behatu diren hiru kale lasaituetan (San Antonio, Gorbea, Done Jakue) desberdintasun handiak daude espaloien erabilerari dagokionez. San Antonion, esaterako, espaloien erabilera % 3koa da, baina Gorbea eta Done Jakuen % 33koa da. Seguraski eragin handia izango du San Antonio kalean pasaeran dabilen automobil gutxi egoteak. Horrez gain, Gorbean badirudi egoera apur bat okertu dela aurreko urtearekin alderatuta, espaloitik behatu ziren bizikletak % 15,8 izan baitziren. Badirudi txirrindulariek oraindik ez dutela somatzen kale hori segurua denik. Gainera, auto askok kontrako zentzuko bizikleta bidea okupatzen dutenez, horrek azal dezake txirrindulari askok kontrako zentzuan espaloia erabiltzea.
Bizikleta biderik ez duten eta autoen zirkulazio asko duten kaleetan ere desberdintasun nabarmenak behatu dira. Frantzia kalean, esaterako, espaloitik dabiltzan bizikletak % 14 dira, Florida kalean % 26 dira eta Errege-erregina Katolikoen kalean % 82 dira. Desberdintasun horien arrazoiak honako hauek izan daitezke:
- Frantzia kalean autobusentzako lerro bat dago, eta baimenduta ez dagoen arren, txirrindulari askok lerro hori erabiltzen dute, zirkulazioaren bi zentzuetan.
- Florida kalean erabat debekatuta dago espaloitik bizikletaz ibiltzea eta zainketa handitu egin da kale horretan. Kontuan izan behar da espaloi estuak dituela eta oinezko asko ibiltzen dela bertatik.
- Errege-erregina Katolikoen kalean espaloiak zabalagoak dira, oinezko gutxiago dabil, eta ordenantzaren arabera baimenduta dago bizikletaz ibiltzea.
Semaforoak errespetatzeari dagokionez, txirrindulari gehienek (% 68,5) ez dute semaforo gorria errespetatzen galtzadatik dabiltzanean.
Argien erabilera oso urria da oraindik ere: txirrindularien % 26k soilik daramatzate argiak. Bizikleta bideetatik dabiltzanek gehiago erabiltzen dituzte argiak (% 29,4) eta gutxiado galtzadatik doazenek (% 18). Emakumeek gehiago erabiltzen dituzte argiak (% 31,7) eta gizonek gutxiago (% 23).
Giltzarrapoen erabilerari dagokionez, deigarria da kiribil motako giltzarrapoa izatea erabiliena (% 41), nahiz eta ezaguna izan ahulena dela. Bizikletaren Behatokiak giltzarrapoen eta lapurreten inguruan egindako inkestan jakin zenez, inkestatuen % 2rentzat soilik zen segurua giltzarrapo mota hori. Konfiantza gehien sortzen zuena U motakoa zen, inkestatuen % 49,6rentzat. Hala ere, azterlan honetan ikusi ahal izan da oso gutxi erabiltzen dela mota hori (% 5,5), seguraski astuna delako eta funtzionaltasun gutxi duelako bizikleta aparkalekuetan eta hiriko altzarietan lotzeko.