Vitoria-Gasteizko Mugikortasun Iraunkorraren eta Espazio Publikoaren Plana Nazio Batuen Jardunbide Egokien Nazioarteko 8. Lehiaketan saritu dute
Vitoria-Gasteizko Mugikortasun Iraunkorraren eta Espazio Publikoaren Planak "Best" kalifikazioa lortu zuen 2010 amaiera aldera, Dubain burutu zen Nazio Batuen Jardunbide Egokien Nazioarteko 8. Lehiaketan.
Sariak iraunkortasunaren ikuspuntutik eraginkorrak diren hiri-politikak eta -jarduerak identifikatzea du xede, herri eta hirietan bizitza-baldintzak hobetzeko. Hori, hain zuzen, gure hiriak mugikortasun iraunkorraren alde eginiko apustu handinahitsuari esker lorturiko nazioarteko beste aitortza bat da. Aitortza horri esker, Etorkizun Iraunkorragorako Hirien Liburutegian erregistratuta geratuko da Gasteizko proiektua, eta ondoren, Sustapen Ministerioak eginiko Jardunbide Egokien Espainiako Zortzigarren Katalogoan sartuko da.
Istanbulen 1996ko ekainean eginiko Hirien Gailurra (Habitat II, Nazio Batuen Giza Asentamenduen 2. Biltzarra) da Jardunbide Egokien Programaren jatorria. Izan ere, bertan sortu zen Nazio Batuen berariazko programa gisa. Habitat II Biltzarraren xedea Nazio Batuetako kideek helburuak eztabaida zitzaten eta konpromisoak har zitzaten izan zen, biztanleen ingurunea eta bizimodua hobe zedin gero eta urbanizatuagoa dagoen planeta honetan. Zentzu horretan, hirien gaineko arreta berreskuratzeko beharra proposatu zen; hau da, iraunkortasunaren eskakizun berriei jarraiki, ekonomia- eta gizarte-aldaketak aztertzea, dituzten arazoak eta aukerak jorratzea, eta plangintzan hirien formaren eta erabileraren ikuspegi berriak bilatzea, baita kudeatzeko eta jarduteko politika eta baliabideenak ere.
Aipatzekoa da Jardunbide Egokien Nazioarteko Lehiaketaren 2000ko, 2002ko eta 2004ko edizioetan ere aitortza hori jaso zuela Vitoria-Gasteizko Eraztun Berdeak.