Vitoria-Gasteizko lur erabileren mapa eguneratu dugu
CEAk udalerri osoko lurraren erabileren mapa eguneratu du, 1:5.000 eskalan, 2013an ateratako aire-argazki bat hartuta oinarritzat. Aurreko mapa 2011ko argazki batean oinarrituz egin zen, eta ordutik izandako aldaketak jaso dira mapa berrian, batez ere hiriaren ertzetan berriki eraikitzen ari diren auzoetan gertatutakoak.
Lurralde-kudeaketa eta -plangintza integratuan aintzat hartu beharreko oinarrizko aldagaia da lurraren okupazioaren eta erabileren ezagutza, eta denboran zehar izan duten bilakaera. Esaterako, mapa Vitoria-Gasteizko Agenda 21aren adierazle batzuk kalkulatzeko erabili da: hiriaren hedapenak hartutako azaleraren bilakaera neurtu da, eta biztanleriaren dentsitateak hiri-lurzoruan izan duen eragina.
Geruza berri hori Vitoria-Gasteizko Ingurumen Informazioko Sistemak dituen gainerako kartografia-geruzak osatzera dator.