Vitoria-Gasteizko Ingurumen Informazioko Sistema (SIAM): Udalerriko landaredi mapa berria
Ingurumeneko datu banku baten erabilgarritasuna, neurri handi batean, bere edukien eguneratzeari loturik dago. Hortaz, ezinbestekoa egiten da, denbora iragaten den heinean, bere izaeragatik aldaketa nabarmenak jasaten dituzten maila tematikoak aldian-aldian berrikustea. Hain zuzen ere, landarediaren mapa horietako bat da, eta hartatik neurri batean edo bestean eratortzen diren geruzak asko direnez, Ingurumen Informazioko Sisteman interes bereziko gaia da.
Ingurumen Informazioko Sisteman bildurik zegoen azken landaredi mapa 1992an sortu zen, 1990ean egindako 1:10.000 eskalako hegaldi fotogrametriko bat oinarritzat hartuz. 10 urte igaro ondoren, gai hau sakonki berrikustea interesgarria izan zitekeela ikusi zen, eta aldi berean informazio honen xehetasuna eta eskala hobetzeko aprobetxa zitekeela.
San Miguel (Montes de Vitoria-Gasteizko Mendiak)
Vitoria-Gasteizko udalerriko egungo landarediaren mapa berria egiteko lanak 2002ko martxotik irailera luzatu dira, eta euskarri eta oinarri kartografiko gisa Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak 2001eko maiatzean agindutako kolorezko hegaldi fotogrametrikotik eratorri den 1:5.000 eskalako ortoargazki digitala erabili da.
Lan honetan lortu den landaredi mapak berrogeita hamar landaredi unitate inguruz osatutako legenda tematikoa du, 1:5.000 eskalako xehetasunaz. Funtsean, nabarmenki elkarloturik dauden bi geruza digitalez osaturik dago, bata lurraldean identifikatu diren landaredi komunitate desberdinak mugatzen dituzten poligono desberdinak, eta bestea, bai bere kokapenagatik bai bere tamainuagatik gailentzen diren zuhaitz aleak kokatzen dituen puntuzko geruza.
Mapa berri hau, SIAMean bildurik dauden gainontzeko ingurumen eta lurralde gaiei buruzko beste edozein informazio bezala, jendearen eskura dago ondoko helbide elektronikora eskatuz: ceasit@vitoria-gasteiz.org, edo Ingurugiro Gaietarako Ikastegira bertara joanez, ondoko helbidean: Olarizuko Etxaldea, z/g, 01006 Vitoria-Gasteiz (tfnoa: 945 162696).