Vitoria-Gasteizko ikasle gehienek eskolara oinez edo bizikletaz joan nahi dute
CEAk prestatutako azterlanean ikusten denez, Lehen Hezkuntzako ikasleen ia erdia (% 49,2) eta Bigarren Hezkuntzako, Batxilergoko eta Prestakuntza Zikloetako ikasleen % 65 modu aktiboetan (oinez, patinez edo bizikletaz) doa eskolara.
Lehen Hezkuntzako ikasleen artean aukera handia dago mugikortasun aktibo eta autonomoa erabiltzen duen ikasle kopurua handitzeko, bi arrazoi nagusirengatik:
- Ikasleen % 49,3 ikastetxetik 15 minutu baino gutxiagora (oinez) bizi da, eta % 78,7 ikastetxetik 30 minutu baino gutxiagora.
- Lehen Hezkuntzako ikasle gehienek (% 71,1) eskolara oinez edo bizikletaz eta lagunekin joan nahi dute.
Lehen Hezkuntzako ikasle gehienak ez dira autonomoak eskolarako joan-etorrietan (guztien % 20,35 soilik da autonomoa). Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzara igarotzeaz batera, aldaketa handia nabari da: helduen laguntzarik gabe gertatzen diren desplazamenduak % 42,7 dira Lehen Hezkuntzako seigarren mailan, eta % 82,3 izatera igarotzen dira DBHko lehen mailan.
Eskola etxetik hurbil izateak eragin handia du Lehen Hezkuntzako ikasleek aukeratzen dituzten garraio moduetan. Eskolatik 15 minutu baino gutxiagora bizi den ikasleen % 80,1 modu aktiboetan doa. Hala ere, ikastetxerako distantziak eragin txikiagoa du helduen laguntzarik gabe joateko aukeran.
Genero desberdintasun nabarmena dago garraio modu aktiboak aukeratzerakoan, eta desberdintasun hori hazi egiten da adinean aurrera egin ahala. Lehen Hezkuntza desberdintasuna 3 puntukoa bada, Bigarren Hezkuntzan 8 puntukoa izatera igarotzen da.
Gurasoen ustez, Lehen Hezkuntzako ikasleak eskolara oinez joateko oztopo nagusia distantzia da. Autoen zirkulazioak duen eragina bigarren mailan geratzen da oinezko joan-etorrietarako, baina lehen arrazoia da bizikleta bidezko joan-etorriak ez egiteko.
Beharbada aurreko arrazoiagatik, mugikortasun aktibo eta autonomoa sustatzeko neurrien artean gehien eskatzen direnak (% 52,5) bizikleta bideen eraikuntza, zirkulazioa lasaitzea eta bidegurutzeak semaforo bidez erregulatzea dira.
Erantzunen % 17,1ean modu aktiboetan oinarritutako konponbide kolektiboak eskatu dira. Beraz, "eskola bidea", "pedibus" edo "bizibus" motako ekimenek eragin sakona eduki lezakete garraio modu aktiboak aukeratzean eta eskolarako desplazamenduetan haurren autonomia sendotzean.
Autoz egiten diren joan-etorriak asko jaisten dira haurren autonomia hazten doan neurrian: Lehen Hezkuntzan % 37,55 badira, Bigarren Hezkuntzan % 16,15era jaisten dira.
Garraio modu batean edo bestean mugitzeko nahiari dagokionez, Bigarren Hezkuntzako ikasleen ia % 70ak eskolara modu aktiboak erabiliz joan nahi du. Kontuan izan behar da dagoeneko % 65ak modu horiek erabiltzen dituela. Aipagarria da bizikletaz joan nahi luketen gazteen kopurua (% 30,7), alegia, gaur egun bizikletaz doan ehunekoa baino 16 puntu gehiago (% 15,2). Eskolara bizikletaz joateko nahia handitzen den neurrian, oinez joateko nahia txikitzen da.
Bigarren Hezkuntzako ikasleentzat ere, ikastetxera joateko desira hozten duen arrazoi nagusia distantzia da. Bizikletaren esparruan, ikasleen % 50ak dio ez duela bizikletaz joan nahi eskolara.
Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzaren, Batxilergoaren eta Prestakuntza Zikloen inkestetan, erantzunen % 30ean bizikletentzako eta oinezkoentzako azpiegiturak hobetzea eskatzen ari dira ikasleak. Eskari handi hori bizikletaz ibiltzeko gogoarekin lotu behar da.