Vitoria-Gasteizko Agenda 21aren adierazleen buletinaren aurkezpena
2014an Vitoria-Gasteizko Udalak bukatutzat eman zuen Agenda 21aren 2010-2014 2. Ekintza Planaren garapena. Dokumentu horrek 227 ekintza eta 304 jarduera bildu zituen, duela 5 urte Udalak bere ekimen esparru guztietan aurrera egin zezan jasangarritasuna eta herritarren bizi kalitatea hobetzeko.
Agenda 21aren adierazleen buletinak 35 adierazle erabiltzen ditu besteak beste Plan horretako ekintzen emaitzak ezagutzeko. Udalak urtero argitaratzen du buletina, ekainaren 5ean ospatzen den Ingurumenaren Mundu Eguna baliatuz. Argitalpenean Vitoria-Gasteizko profila zirriborratzen da ingurumenaren, hirigintzaren eta gizartearen ikuspuntutik.
Aurtengo alderdirik nabarmenetako bat mugikortasunaren alorrean izandako aldaketa sakona da. Azken urteetan egin diren ekintza guztien ondorioz, 2014an egin zen mugikortasun inkestak erakutsi du ibilgailu pribatuen erabilerak bost ehuneko egin dituela behera, 2011ko datuekin alderatuz, eta bizikletaren erabilerak bost puntu egin dituela gora. Bestalde, autobusak duen bidaiari kopurua 13 miliotik gora igo da.
Oinarrizko zerbitzuak eskuragarri izateko aukerak maila altuan jarraitzen du: herritarren % 95ak 500 metrora baino hurbilagora ditu dendak, farmaziak, birziklapen puntuak eta kirolguneak bezalako oinarrizko zerbitzuak.
Natura eta biodibertsitatearen atalean nabarmentzekoa da "Vitoria-Gasteizko Azpiegitura Berdea" izeneko proposamen dokumentua. Udalerriaren azpiegitura berdea definitzen eta osatzen joateko aukera garatzen du, horrela hiriak hobeto funtziona dezan lagunduz eta, azken puntuan, hiri bizigarriago, eraginkorrago eta jasangarriagoa sortzen joan gaitezen.
Beste alor batzuetan, esaterako urarenean edo energiarenean, hobekuntzak aurrera darrai eta kontsumoak murrizten jarraitzen dugu.