Vitoria-Gasteizek martxan jarri du Olarizuko Lorategi Botanikoko Germoplasma Bankua
Ezinezkoa da iragana aldatzea, baina etorkizunerako neurriak har ditzakegu. Joan zen urtean, 2010ean, Olarizuko Lorategi Botanikoko Germoplasma Bankua sortzeko lanak abian jarri zituen Vitoria-Gasteizko Udalaren Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak. Banku hori 2011. urtean jarri da martxan. Azken hamarkadetan lorategi botanikoek beren ohiko bildumei (landare biziei, herbarioei eta beste bilduma dokumental batzuei) germoplasma-bilduma berriak gehitu dizkiete. Ugaltzeko gaitasuna duten landare bizien material-bilduma da, bereziki, haziena.
Olarizuko Lorategi Botanikoko Germoplasma Bankua bi helburu nagusirekin jaio da: Lehena, Europako Zuzentarauak Interes Komunitarioko Habitat gisa izendaturikoetan berezkoa den gure inguruko flora mehatxatua epe luzerako gordetzea. Bigarrena, berriz, haziak lortzea eta beharrezko landareak ekoiztea, Olarizuko Lorategi Botanikoko landare bizien bilduma osatzeko.
Nola funtzionatzen du Germoplasma Bankuak? Lehenik eta behin, bisitaldiak egiten dira berezko populazioetara, interesatzen zaizkigun espezieak aurkitzeko, eta, ondoren, horien egoeraren jarraipena egiten da. Heldutakoan, kontserbatu beharreko haziak biltzen dira eta izenarekin, tokiarekin eta bilketa-egunarekin etiketatzen dira. Guzti-guztiekin prozesu bera gauzatzen da, zorroztasun handiz, kasu askotan 100 urterainoko bideragarritasuna eskaintzeko moduan kontserbatzeko. Gero, harrera- eta garbiketa-gelan, haziak fruitutik eta gainerako lohietatik banantzen dira, lehortze-gelara eramateko, lehortu eta kontserbatzeko baldintza egokiak lor ditzaten. Azkenik, epe luzean irautea lortzeko, beirazko kapsula termozigilatuetan sartu eta 18ºC-tan izozten dira, ondoren kontserbazio-gelan uzteko. Ikerketa-laborategian, ernetze-saiakuntzak prestatzen dira: ernetze-ganberetan egiten dira saiakuntzak, eta aldiro-aldiro laginak aztertzeko balio dute, kontserbazioegoera onean jarraitzen duten egiaztatzeko.
Olarizuko Lorategi Botanikoko Germoplasma Bankuak interes handieneko landareak ex situ (beren berezko ingurunetik kanpo) kontserbatzea bermatzen du, eta berotegietan, berriz, landarea ekoiztea eta ugaltzea, etorkizuneko basoberritzeetan erabiltzeko, espeziea basoan berriro ezartzeko eta basoa bera sendotzeko. Horrela, esan dezakegu oinarri-oinarrizko baliabidea dela in situ (berezko ingurunean) kontserbatzeko.
Orain arte egindako ahaleginak gorabehera, gure gizartea ez da gai izan biodibertsitatearen galera eragozteko, izan ere hamarkada batzuetatik hona galera geldiezina izan da. Duela 50 urte inguru, Arabako lautadak baso autoktonoen sail handiak zituen. Lur horiek luberritu egin ziren, abeltzaintzako eta nekazaritzako ustiakuntzan erabiltzeko eta bide-azpiegiturak, industrialdeak eta hiri-guneak egiteko. Ondorioz, paisaia erabat aldatu da. Zorionez, gizakiaren esku-hartzea gorabehera, ekosistema horietako batzuek irautea eta baldintza optimoei eustea lortu dute, funtzio ekologiko garrantzitsuak bete dituzte eta espezie mehatxatu batzuen ale bakanak babestu dituzte, atzerapen-prozesuan egonik, ez baitzuten beste lekurik aurrera egiteko.
Olarizuko Lorategi Botanikoko Germoplasma Bankuaren lana Eusko Jaurlaritzak diruz lagundutako proiektu batean oinarritzen da, eta Arabako lautadako uharte hariztietako landare-dibertsitatea kontserbatzea du helburu, izan ere, Kontserbazio Bereziko Eremu (KBE) izendatu eta Europako Natura 2000 Sarean sartuta daude. Dudarik gabe, Olarizuko Lorategi Botanikoko Germoplasma Bankua inbertsio handia izan da, gure ekosistemak osatzen dituzten habitatetako flora mehatxatua zaintzeko.
Bankuaren lana berez garrantzitsua izateaz gain, herritarrak kontzientziatzeko, hezteko eta inplikatzeko ere balio du, horrela bermatzen baita ekimen horiek guztiek arrakasta izatea. Eta, agian, etorkizunean berreskuratu egingo da flora mehatxatua eta udalerritik desagertutakoa. Hartara, gure berezko espazioetako biodibertsitatea eta etorkizuneko belaunaldien ongizatea aberastuko da.