Vitoria-Gasteizek bizikleten mugikortasuna beste modu batera atonduko duen erregulazio berria dauka
Urtarrilaren 27an, asteartea, Mugikortasun Iraunkorraren aldeko Herritar Foroa bilduko da bizikleten erregulazioaren puntu espezifikoenetako bat aztertzeko: bizikleten joan-etorriak hiriaren erdiguneko oinezkoen kaleetatik.
Ordenantzaren zioen adierazpenean dioen bezala, bertan ezarritako hiri mugikortasunaren erregulazio berriaren abiapuntua da garraio kolektiboa (garraio publikoa, taxia, partekatutako autoa), oinezkoak eta bizikleta lehentasunezko mugikortasun moduak dira.
Ordenantzak oinezkoen mugikortasunaren aldeko araudia ezarri nahi du, horixe baita hiriaren aktibo nagusietako bat, baina baita garraio kolektiboaren eta bizikletaren aldekoa.
Besteak beste, nabarmendu beharreko arau berrietako bat da 30 km/h-ko gehieneko abiadura ezartzen duela udalerriko kaleetako askotan. Erregulazio horren helburua zirkulazioa lasaitzea, bizikleta mugikortasun alternatiba seguru eta funtzionala bihurtzeko beharrezkoak diren baldintzak ezartzea eta udalerriko bide segurtasuna hobetzea da.
Erregulazio berriaren arabera, txirrindulariek beren lerroaren erditik joan ahal izango dute, eta galtzadan lerro bat baino gehiago badago haietako edozein erabili ahal izango dute, nora joan nahi duten kontuan hartuta; automobilek segurtasun espazio bat errespetatu beharko dute bizikletaren inguruan; eta 30 km/h-ko gehieneko abiadura edo gutxiago ezarrita daukaten kaleetan automobilek bizikleten atzetik joan beharko dute, haiek aurreratu gabe eta abiadura bizikleten abiadurari egokituz.
Bizikletak hiria errazago zeharkatu ahal izan dezan eta ibilgailu horren joan-etorriak sustatzeko, ordenantzak bizikletei utziko die kontrako zentzuan joatea zirkulazio lasaitua duten zenbait kaletan.
Horrez gain, oraindik aurrera bizikletek atoiak eta erdi-atoiak eraman ahal izango dituzte bai salgaiak bai pertsonak garraiatzeko.
Oinezkoen esparruak, kaleak eta espaloiak ez dira ibilgailuen zirkulaziorako tokiak, eta ideia horretatik abiatuz bizikleten mugikortasunaren erregulazio berriak bizikleta sustatu nahi du hiri mugikortasunerako alternatiba gisa, baina kaleek bertan egoteko duten kalitatea babestuz, hiriko espazio publikoak defendatuz eta oinezkoen mugikortasuna babestuz.
Hori dela eta, ordenantza berriak debekatu egin du bizikletak oinezkoen espaloi eta espazioetatik ibil daitezen, oztoporik gabeko zabalera 3 metro baino txikiagoa bada, bizikleta bidea duen kale batean badaude edo zirkulazio lasaituko kaleak badira. Aurreko baldintzak betetzen dituzten kaleetan, berriz, zenbait kale eta ordutegitan bizikleten joan-etorriak debekatu ahal izango dira, beste erabilera batzuekiko bateragarritasuna eta segurtasuna kontuan hartuz, batez ere oinezkoen dentsitate handiko kaleetan.
Adin txikikoak dituzten familiek bizikleta erabil dezaten errazteko, 14 urtetik beherako pertsonek eta haien bidaikideek ez dute muga hori bete beharko.
Bestalde, ordenantza erreformaren beste helburu bat araudia salgaien hiri banaketarako dagoen eredu berrira -Mugikortasun Planetik eratorritakoa- moldatzea izan da. Horrez gain, testu osoa eguneratu da zirkulazioaren esparruan egon diren azken lege aldaketak kontuan hartzeko eta beste aldaketa txiki batzuk egiteko.
Zalantzarik gabe, arau berri hauei esker, azpiegituretan egiten ari diren lanekin eta sustapenera bideratutakoekin batera, bizikleta benetako mugikortasun alternatiba bihurtuko da eta gure hirian automobil pribatuaren mendekoak ez dire bizitza estiloak garatu ahal izango dira.
Udala ordenantzaren inguruko komunikazio kanpaina batean ari da lanean, bai automobil gidariak, txirrindulariak zein oinezkoek ordenantzaren eguneraketak sortu dituen berritasun nagusiak ezagut ditzaten.