Vitoria-Gasteiz Europako Hiriburu Berdea 2012an
Urriaren 21ean, Europako Batzordeak "European Green Capital" lehiaketaren epaia jakitera eman zuen: Vitoria-Gasteiz izango da Europako Hiriburu Berdea 2012an. Erabakia Stockholmen, egungo hiriburu Berdean, eginiko ekitaldian eman zen ezagutzera. Ekitaldian Gasteizko ordezkaritza bat egon zen, ordezkari politikoek eta udal-teknikariek osatua, alkatea buru zutela. Titulua lortzeko Vitoria-Gasteiz honako hiri hauekin lehiatu da: Bartzelona, Malmö (Suedia), Nuremberg (Alemania), Reykiavik (Islandia) eta Nantes (Frantzia). Azken hori 2013an izango da Europako Hiriburu Berdea.
Izendapen horrek Arabako hiriburuaren iraunkortasunaren aldeko apustua eta, ildo horri jarraiki, buruturiko hogei urte baino gehiagoko jardunbidea aitortzen eta bermatzen ditu. Jasotako saria eginiko lanaren eraginkortasunaren adierazgarri da eta hasitako bidetik jarraitzeko bultzada gisa balio digu. 2012an Vitoria-Gasteizek Europako Hiri Berdea tituluaz gozatzeko eta horri etekina ateratzeko aukera du, eta "Kanpotik berde, barrutik ere" goiburua egia dela erakusteko eta frogatzeko aukera. Gainera, Vitoria-Gasteizek bere jardunbide egokiak beste hiri batzuekin partekatuko ditu eta jarduera berdearen eta iraunkorraren eredu izango da. Horrela, Europa osoko ingurumenaren iraunkortasunari eta defentsari bere ekarpena egingo dio.