Vitoria-Gasteiz, Europa mailako Mugikortasun Iraunkorreko 3 Plan onenen artean
Europar Batzordeak Vitoria-Gasteiz aukeratu zuen, beste bi hirirekin batera, Europan 2014an egon den Mugikortasun Iraunkorreko Plan onena saritzeko lehiarako. Beste bi finalistak Estrasburgo eta Rivas Vaciamadrid izan ziren. Hirietako mugikortasun jasangarria sustatu asmo duen Do The Right Mix kanpainaren baitan ematen da saria.
Sariaren helburua da tokiko erakundeen lana aitortzea mugikortasun jasangarriaren arazoen inguruko jendearen kontzientzia gehitzeko bidean ahaleginean eta hiriko garraio jasangarrirako aldaketa gertatzeko neurrien ezarpenean.
Gure hiriak 2008tik darama Mugikortasun Iraunkorraren Plan bat garatzen. Talde politiko guztiek adostutako ekintza horren helburu nagusiak honako hauek dira:
- Hiriko garraio publikoaren eta bizikletaren erabilera sustatzea.
- Hiri autobusen sarea berregituratu eta indartzea, tranbiarekin koordinatuta.
- Ibilgailu pribatuen zirkulazioa kanalizatzea.
- Oinezkoen esparruak zabaltzea.
- Zirkulazioari zuzendutako espazio publikoaren zati bat askatzea eta herritarrei itzultzea (oinezkoen uharteak edo superetxadiak).
- Aparkalekuetarako azpiegitura berriak sortzea.
- Bizikleta bideen sare seguru eta funtzionala osatzea.
Iaz hiriko 47 kale aldatu ziren zirkulazio abiadura 30 km/h-ra mugatzeko, oinezkoen eta txirrindularien mugikortasuna errazteko eta motordun ibilgailuak gutxitzeko. Horrez gain, urtarrilean indarrean sartu zen zirkulazio ordenantzaren eguneraketa; eguneraketan bizikleten zirkulazioa erregulatu zen gehien bat, bai eta desplazamendu modu desberdinen arteko elkarbizitza hobetzeko neurriak ere.