eues

Albistea

Vitoria Gasteiz, elikadura sistemak eraldatzeko agenteen EU partnership on Food elkarte europarreko kide izateko hautatua

EU Partnership on Food

Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak bere gain hartuko du Vitoria Gasteizen parte hartzea, udalerriko Nekazaritzako Elikagaien Estrategiaren garapenaren testuinguruan.

EU partnership on Food elkartea Europar Batasunak Europako Hiri Agendaren testuinguruan elikadura sistemen trantsiziorako sustatzen ari den talde bat da. Nekazaritzako elikagaien katea Europako Itun Berdeak ezarritako helburuetara moldatzeko ikuspegi partekatua duten Europako 21 eragile biltzen ditu. Elkartea ezagutzak trukatzeko plataforma gisa egituratu da, bertan parte hartzen duten hiri eta eskualdeek garatzen ari diren proiektu eta estrategien artean sinergiak sortzeko. Bere helburua da trantsiziorako dauden beharrak identifikatzea eta behar horiek arlo politikoan, ekonomikoan eta finantzarioan erantzukizunak dituzten Europako erakundeei azaltzea, horrela nekazaritzako elikagaien sistemen trantsizioa bizkortzeko.

Ekimen horren bidez, Gasteizek bere Nekazaritzako Elikagaien Estrategia garatzeko eta tokiko nekazaritzako elikagaien sistema deskarbonizatzeko egin duen lana ezagutarazi ahal izango du Europa mailan. Gainera, ezagutzak trukatzeko sare horren bidez, hiriak datuak biltzeko, aztertzeko eta bistaratzeko hainbat tresna digital izango ditu eskura, elikaduraren arloan Europan gertatzen ari denaren ikuspegi orokorra izateko. EU partnership on Food delakoarekin bat eginez, Gasteizek ekarpen txiki bat egingo du Europar Batasunak elikaduraren arloan duen politika, finantzaketa eta ezagutzak hobetzeko. Taldearen xedea da Europa mailako ekintza plan bat idatzi eta aplikatzea. Plan horrek "Baserritik mahaira" estrategia europarra garatzeko ekintza zehatzak jasoko ditu, modu horretan elikagai hurbilagoak, osasungarriagoak eta iraunkorragoak lortzeko.

Gainera, EU partnership on Food elkarteko erakunde bazkideek zeregin erabakigarria izango dute beren esperientziaren bidez nekazaritzako elikagaien sistemen egoera aztertzeko orduan, eta Europan, estatuan zein udal mailan erreplika daitezkeen ekintza zehatzak garatu ahal izango dituzte. Elkarteak sortuko duen ekintza plana Europako Batzordeko Hiri Gaietarako Zuzendaritza Nagusian aurkeztuko da, baita beste erakunde batzuetan ere, finantzaketa eta lankidetza bilatzeko.

Elikadura sistemen eraldaketak ikuspegi sistemiko bat behar du, eta EU partnership on Food taldeak hiriek eraldaketa hori gidatzeko orduan duten tokia aztertuko du batez ere. Egungo egoera ikusita, eta elikadura sistemen erresilientzia bermatuko duen legedi zehatz baten beharra kontuan hartuta, elkarteak Europako hainbat hiritan abian jarritako ekimenen arteko koordinazioa eta lankidetza sustatuko ditu, bere ahalegin konbinatuak aprobetxatuz elikadura sistemetan aldaketa eraldatzaileak bultzatzeko eta udalerriak aldaketa horren katalizatzaile gisa kokatzeko. Eskema horren arabera, elikadura giza eskubidetzat eta ondasun komuntzat hartuko da.

Elikadura sistema iraunkorrak eta bidezkoak sustatzeko, agroekologia, elikagaien justizia, lurrerako sarbidea eta lurraren kudeaketa publikoa bezalako funtsezko gaiak jorratuko dira. Era berean, elikadura sistemak birkokatzearen garrantzia, elikagaien ekoizpenaren kanpo kostuak prezioetan txertatzea eta tokiko elikagaien eta elikagai ekologikoen erosketa publikoa sustatzea nabarmenduko dira. Politika desberdinak lerrokatzearen eta baliabideak bateratzearen alde egitean, elkarteak Europar Batasunaren barruan eraldaketa sistemikoa bultzatzeko eta helburu zabalagoak, hala nola Europako Itun Berdea eta Nazio Batuen Garapen Iraunkorreko Helburuak, lortzen laguntzeko ahalmena izango du.

Informazio gehiago: Food | UAEU (urban-initiative.eu)

Harremanetarako datuak

Helbide postalaIGI-CEA - Ingurugiro Gaietarako Ikastegia
Zulueta jauregia
Senda ibilbidea, 2
P.K. 01007 - Vitoria-Gasteiz
Posta elektronikoaceaadmin@vitoria-gasteiz.org
Telefonoa +34 945 16 26 96

Buletin digitala

Ingurugiro Gaietarako Ikastegiaren albiste guztien berri izateko, harpidetu zaitez buletin digitalera. 

Sare sozialak

Facebook x-twitter Boletín

Ekipamenduak

Logoa: Vitoria-Gasteizko Udala

CC BY-SA 4.0 - Vitoria-Gasteizko Udala