eues

Albistea

Vitoria-Gasteiz dagoeneko 2012ko Europako Hiriburu Berdea da ofizialki

vg!

Javier Maroto Gasteizko alkateak Green Book liburua "Europako Hiriburu Berdearen lekukoa" jaso du gaur goizean Europako Parlamentuan, Hanburgoko Estatu idazkari Holger Lange-ren eskuetatik. Hartara, amaitu da 2010eko urrian Stockholmen abiarazitako bidea, Arabako hiriburuak Ingurumen alorreko Nobel saritzat jo daitekeena irabazi zuenean.

"Gasteiz iraultza berdearen buru izango da, beraz, oso harro gaude saria azkenean eskuratu izanaz, hiru hamarkadatan egindako lanaren ezagutza baita", adierazi du alkateak Europako Parlamentuan egindako hitzaldian, Green Book delakoa jaso baino minutu batzuk lehenago: "herritar guztiei erakutsi diet, saria guztiona eta guztiontzat baita", erantsi du alkateak Gasteiztik joandako taldearekin famili argazkia egin aurretik.

Protokolozko ekitaldi hori bukatu bezain laster Marotok lehen aldiz baliatu du ofizialki green kargu berria, Bruselan zegoela probestuz Eskualdeen Batzordeko lehendakari Mercedes Bresso-rekin eta Belgikako Ingurumen Ministro Evelyne Brouyhek-ekin bildu baita.

Stockholm eta Hanburgoren atzetik ingurumen ikurra harro erakuts dezakeen hirugarren hiriburua da Gasteiz, zeinek Alemaniako hiri horretako Estatu idazkari Holger Longeren eskuetatik jaso baitu erregealdi berdearen lekukoa. Ekitaldian, lehenengo eta behin, Eskualdeen Batzordeko lehendakari Mercedes Bressok gonbit egin dio Gasteizi hiriburu berdeen "belaunaldi" berri baten buru izateko, "saria arau muntadunagoa bihur dadin hiri, herritar zein erakundeentzat". Horren harira, hala osoko bilkuran nola geroko bilera pribatuan Maroto European Green Capitalen komunitate baten buru izan dadila proposatu du, "zeinean hautagai guztiak sartuko baitira, bai eta iraunkortasun irizpideak kontuan hartzen dituzten hiri guztiak ere". Bera eta Eskualdeen Batzordea jokabide berriak zabaltzen saiatuko direla hitzeman du, "ekonomia eta gizarte garapena eta politika berdeak uztartzen dituenez EBko 2014-2020 aurrekontuak saria aintzat hartu behar baitu".

Eskualdeen Batzordearen osoko bilkuraren barruan 50 minutu inguru hartu du ekitaldiak. Ondoren Ingurumen komisario Janez Potočnikek erantzun dio Bresso presidenteari, eta Gasteizek hiri sistema iraunkorren enbaxadore gisa duen zeregina nabarmendu du, bai eta Brasilen hilabete batzuk barru egingo den Rio + 20 gailurrarekin duen inplikazioa ere. Gainera, Arabako hiriburuak energia eta ura kudeatzeko zein espazio berdeak berreskuratzeko egindako lana azpimarratu du. Hanburgoko Estatu idazkariak, bestetik, zorionak eman dizkio Gasteizi, eta bere hiriko bideo bat erakutsi du, natura eta berdeguneak zaintzeko lana zein energia kudeaketa agerian jartzeko, alde horretan bat baitator Arabako hiriburuarekin.  

Ondoren, alkateak hitz egin du, Europako Parlamentuko areto nagusiko lehendakaritzatik, eta Eskualdeen Batzordearen osoko bilkuraren zein beste gonbidatu batzuen aurrean (Green Capitaleko bulegoko eta Hanburgo, Stockholm eta Nanteseko ordezkariak). Euskaraz, Gasteiz goraipatu eta denei eskerrak eman dizkie hiriak lortutako aukerarengatik. Jarraian bideo bat ikusi da, zeinaren bidez Europako Hiriburu Berdea Gasteizen neurrirako izendapena dela egiaztatu ahal izan baitute bertan zeudenek, eta azkenik, alkatea ingelesez aritu da eta sariari esker Gasteiz europar hirientzat eredu bihurtu dela azpimarratu du: "2012 ideiak partekatzeko eta etorkizuna eraikitzeko ardura gure gain hartzeko urtea izango da", azaldu du alkateak, eta krisi egoera era aipatu du, hirietan natura barne hartzeko erronkari eutsiz hiriak hobetzeko abagunea izan baitaiteke.

Europar jardunaldia bukatzeko, Javier Maroto Bruselako hiriburuko Brouyhek ministroarekin bilduko da, hiri hori European Green Capital 2014 izateko hautagai denez aukera baliatu nahi izan baitu klima aldaketarekin lotutako funtsezko gaiez hitz egin eta mugikortasun iraunkorrerako irtenbideak ezagutzeko.

Harremanetarako datuak

Helbide postalaIGI-CEA - Ingurugiro Gaietarako Ikastegia
Zulueta jauregia
Senda ibilbidea, 2
P.K. 01007 - Vitoria-Gasteiz
Posta elektronikoaceaadmin@vitoria-gasteiz.org
Telefonoa +34 945 16 26 96

Buletin digitala

Ingurugiro Gaietarako Ikastegiaren albiste guztien berri izateko, harpidetu zaitez buletin digitalera. 

Sare sozialak

Facebook x-twitter Boletín

Ekipamenduak

Logoa: Vitoria-Gasteizko Udala

CC BY-SA 4.0 - Vitoria-Gasteizko Udala