eues

Albistea

Vitoria-Gasteiz Bruselako Gutunari atxiki zaio

Udala beste ekimen bati atxiki zaio herritarrek ibilgailu pribatua aparkatuta utzi eta joan-etorriak era iraunkorrean egitea aukera dezaten. 'Bruselako Gutuna' deritzona sinatuta, Vitoria-Gasteizek hitz ematen du bizikleta mugikortasuna garraio sistemaren zatitzat integratzeko tokiko politikak sustatuko dituela. Mugikortasun Iraunkorraren eta Espazio Publikoaren Planari gehitzen zaion beste urrats bat da hori; hain zuzen ere, Europar Batasunak Europako Hiriburu Berdea izendatzeko bidean ondoen balioetsitako alderdietako bat da plana. "Agiri hori sinatzeak Vitoria-Gasteiz Hiriburu Berdea izateko hautagaitza osatu eta hobetzeko bide emango digu", baieztatu du Patxi Lazcoz alkateak.

Hartutako konpromisoen artean hauek nabarmentzen dira: hemendik 2020ra hirian egiten diren joan-etorrien % 15 bizikletaz izatera iristea; txirrindularien heriotza dakarten istripuak % 50 gutxitzeko plana; turismo iraunkorragoa bultzatzea, zikloturismoa hobetzeko neurrietan inbertituz, eta lanera eta eskolara joateko bizikletaren erabilera areagotzeko proiektuak garatzea. "Vitoria-Gasteiz hirigunean bidegorri kilometro gehien duten hirietako bat da, eta alor horretan istripu kopuru txikienetako bat dutenetako bat", gehitu du Lazcozek.

'Bruselako Gutuna' 2009an sortu zen, Velo-City biltzarraren barruan; momentu honetan, bizikletari buruz munduan dagoen biltzar garrantzitsuena da, eta bi urtetik behin Europako hiri batean biltzen da. Velo-Cityn bizikletazaleen elkarteak, hiriak, hirigileak, ikerketa institutuak, Europako Parlamentua eta Batzordeak, Nazio Batuak, Munduko Osasun Erakundea, Klima Aldaketaren Gobernuen arteko Panela (IPCC) eta bizikleta industriaren ordezkariak biltzen dira, bizikletaren politikak hiri garraioaren plangintzan nola integratu era hainbat talderen artean nola sustatu aztertzeko.

Harremanetarako datuak

Helbide postalaIGI-CEA - Ingurugiro Gaietarako Ikastegia
Zulueta jauregia
Senda ibilbidea, 2
P.K. 01007 - Vitoria-Gasteiz
Posta elektronikoaceaadmin@vitoria-gasteiz.org
Telefonoa +34 945 16 26 96

Buletin digitala

Ingurugiro Gaietarako Ikastegiaren albiste guztien berri izateko, harpidetu zaitez buletin digitalera. 

Sare sozialak

Facebook x-twitter Boletín

Ekipamenduak

Logoa: Vitoria-Gasteizko Udala

CC BY-SA 4.0 - Vitoria-Gasteizko Udala