VI. Ingurumeneko Nazio Biltzarra: 'Tokiko 21 Agendak ezartzeko erronka eta zailtasunak' lan taldearen emaitzak
Ehun teknikari eta profesional baino gehiago eztabaidan aritu ziren, lan talde horren esparruan, Espainiar estatuko 21 Agendako prozesuen zernolakoari buruz.
Ateratako emaitza nagusien artean (http://www.conama.es/viconama/gt/gt24.htm web orrian osorik eskura ditzakezu, gaztelaniaz), Espainiako 21 Agenden ezaugarri batzuk nabarmendu zituzten, hala nola: halako prozesuen izaera dinamikoa eta malgua, era askotako inguruneetara egokitzea ahalbidetzen duena; prozesua bultzatzen eta ezartzen udalek duten aitzindaritza (ekimenen % 86 udalena da); udalaz gaindiko beste Herri Administrazio batzuekiko kooperazio urria; bereziki ingurumenaren ingurukoa izatea; herritarrek parte hartzeko planak aurrera eramateko zailtasunak; 21 Agenda horien segimendua egiteko adierazle sistemen erabilera gero eta handiagoa; eta, gizartearen aldetik baino areago, ekonomiaren eta politikaren aldetik daudela zailtasunak prozesua gauzatzeko.
Orobat, Espainiako hirietako 21 Agenda gehienek Aalborgko Gutunaren ereduari jarraitzen diotela ikusi da (Espainiako 619 hiri, esandako data horretan). Horrenbestez, ondo arrazoituta zegoen atal berezi bat sortzea, dokumentu hori izenpetuta hartutako betebeharrak betetzeko bidean egindako aurrerapenari buruz gogoeta egiteko.
Azterketa labur horri esker ondorioztatu zen hiriaren iraungarritasunari buruzko diskurtso teorikoan denak bat datozen arren, kontraesan argia dagoela irizpide horiek aplikatzean. Izan ere, gure hirietako alderdi asko ez dira inolaz ere iraungarriak. Garbi dago, hortaz, etorkizuneko erronka handia dugula, hiriaren garapen iraungarria lortze aldera. Garapen hori, ezbairik gabe, hiritar guztiei iraungarritasunari buruzko eta iraungarritasunaren aldeko jakintza, hezkuntza eta informazio hobeak ematearen baitan dago, besteak beste.