VGbiziz sareko lonja berria estreinatu da Erdi Aroko hirigunean
Bizikletentzako aparkaleku seguruak sustatzeko estrategiarekin jarraitzen du Gasteizko Udalak —Ingurugiro Gaietarako Ikastegiarekin batera—, bizikletentzako aparkaleku seguruen VGbiziz sarea hedatuz. Ildo horretatik, bizikletak gordetzeko lonja berria zabaldu da Hedegile kalean, hirian lehendik zeudenei gehituko baitzaie —autobus-geltokian, postetxean, Mendizorrotzan, Arabako campusean, Santiago Ospitalean, Aranan, Adurtzan, Ariznabarran eta Santa Barbarako aparkalekuan—.
Erdi Aroko hiriguneko horrelako lehen azpiegitura izango da Hedegile kalekoa, eta lehenengo aldia da, halaber, Udalak erabilera horretarako udal-lonja bat birgaitzen duela. Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Sailaren bitartez, 36.000 eurotik gora inbertitu du Udalak lonja egokitzen. 21 Zabalguneak laga du lokala, bere jabetzako espazioak edukiz hornitzeko estrategiaren barruan.
“VGbiziz sarea funtsezko zerbitzua da mugikortasun-eredu berri bat sustatzeko, joan-etorri aktiboak eta kolektiboak lehenetsiz, banakakoen eta motorizatuen aurretik”, adierazi du Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi Raimundo Ruiz de Escuderok. Dagoeneko 2.760 pertsona baino gehiagok erabiltzen dute zerbitzua Gasteizen.
Hedegile kaleko 76.ean dago lokal berria, eta 30 bizikletarentzako lekua du; guztira, 67 metro koadro. Bi leku zama-ibilgailuentzat dira. Gainera, bizikleta elektrikoak kargatzeko bost gune jarri dira. Ohi bezala, aplikazio bat baliatuz sar daiteke bertara, aldez aurretik abonamendua kontratatuta. VGbiziz sareari buruzko informazio guztia esteka honetan dago eskuragarri:
Energiaren Euskal Erakundearen finantzaketa izan dute Hedegile kaleko lokala egokitzeko lanek, eta Europako Park4SUMP eta CityChangerCargoBike proiektuen esparruan dihardu Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak VGbiziz sartea hobetzeko lanean.