Uztailaren 15az geroztik bizikletak mailegatzeko zerbitzua du Gasteizek
Vitoria-Gasteizko Udalak abian jarri duen bizikleta mailegu zerbitzuak 10:00ak eta 21:00ak bitartean bizikleta bat hartzeko aukera ematen du, dela paseatzeko dela hiriko alde batetik bestera joateko. Guztira 135 bizikleta dira, bederatzi puntutan banatuta. Aurtengo irailean, urrian eta azaroan ere mantenduko da zerbitzua. Izena eman nahi duten pertsonek mailegu gune hauetakoren batera hurbildu beharko dute: Europa, Hegoalde, Iparralde, Judimendi, Aldabe eta Lakuako gizarte etxeak, Mendizorrotzeko pilotalekuak, Turismo Bulegoa eta Boulevard merkataritza gunea.
Senatuko lehendakariak eta Ingurumen ministroak inauguratu zuten zerbitzua, uztailaren 13an. Hirizidorren eta Eraztun Berdeko Txangoen Planaren barruan sartzen da ekimen hori; proiektu handi horrek, hain zuzen, oinezkoen eta txirrindularien mugikortasuna hobetu nahi du, autoen ordezko alternatibak eskainiz.
Uztailaren amaierara arte 4.000 inskripzio izan dira.