Urtarrilaren 5ean gasolio isurketa bat gertatu zen Salburuan
Isurketa Arkautiko urmaelera doan ubide batean gertatu zen, hau da. Salburuko parkeko nagusiena den urmealean. Seguruenik isurketa asteburuan gertatu zen, baina oharkabean igaro zen astelehenean parkeko langile batek aurkitu zuen arte. Ordurako isuriaren zati bat urmaelean zegoen, baina hala ere, orain arte egin diren ohiz kanpoko zainketek ez dute eragin kaltegarririk aurkitu (arrainen heriotzak, hegazti zikinduak, etab.).
Isurketa gertatu zenetik detektatu zen arte hainbat egun igaro zirenez, ezinezkoa izan zen ihesaren erantzulea nor izan zen zehaztea. Seguraski, ubidearen buruan egiten ari diren herrilanetako batek eragindakoa izan zen.
Isurketaren aurkako lehen neurria hesiak jartzea izan zen, erregaiak Arkautiko urmaelera aurrera egin zezan saihesteko. Ondoren, material kutsagarria tanga-kamioien bitartez kendu zen, eta gainerako gasolioa material berezien bidez xurgatu zen. Bi astez lan egin ondoren, erregaiaren parterik handiena kentzea lortu zen.
Hala ere, kontuan izan behar da gasolioa ertzetan eta landaredian itsatsita geratu dela eta apurka-apurka askatzen ari dela. Hori dela eta, denbora igaro ahala erregai multzoak sortzen dira ur azalean. Hondakin hauek garbitzeko, hesi xurgatzaileetan eta ur gainean geratu diren materialak banatzeko gailuetan oinarritutako zainketa sistema bat jarri da abian.
Antzeko gertaera bat egongo balitz, eskertuko genuke Salburua bisitatzen duen edozein herritarrek abisua pasatuko balie larrialdi zerbitzuei edo CEAko teknikariei.