eues

Albistea

Uretako hegazti ugaltzaileen populazioa inoizko kopururik handienera iritsi da 2015ean Salburuan

Salburuko hezeguneek uretako hegaztientzako babesleku ezin hobea direla berretsi dute, 2015ean inoizko kopururik handienera iritsi baita ugalketa. Izan ere, 20 espezietako 319 bikotek atera dituzte aurrera habiak aurten Gasteizko Eraztun Berdearen eta biodibertsitatearen ikur den leku horretan.

Azpimarratzekoa da koartzatxo txikia eta koartzatxo itzaina lehenengo aldiz ugaldu direla aurten hezeguneetan, bakoitzetik lau habia antzeman baitira, denak Betoñuko aintziran. Oso koartza ikusgarriak dira, zuriak, azken hamarkadetan penintsula osoan hedatu direnak, eta gaur egun egonkortzera jotzen dutenak. Bi espezie horiek Uribarri-Ganboako urtegian ugaltzen ari ziren, koartzatxo itzaina 2008tik eta koartzatxo txikia 2009tik, eta azken urteetan maiz agertu dira Salburuan. Aurten, azkenean, bi zangaluze horiek hezegunean ugaldu direla egiaztatu dugu.

Koartzatxo txikiaz eta koartzatxo itzainaz gain, Salburuan badira kontserbazioaren ikuspuntutik interes handia duten espezie habiagileak:

  • Amiltxori txikia, Euskadin mehatxatutzat sailkatutako koartzatxo migratzailea, "bakana" kategorian. Autonomia erkidegoko ugaltze leku egonkor bakarra Salburuan du (1-5 bikote habiagile).
  • Zingira-mirotza; hori ere "bakantzat" jotakoa. Salburuan 2009tik ugaltzen da (bikote habiagile bat edo bi).

Mehatxatutzat jota ez izan arren berezitzat jo daitezkeen beste espezie batzuk ere nabarmentzen dira:

  • Murgilari mottoduna; ahate eder horrek Salburuan du Espainiako ugaltze leku egonkor bakarra.
  • Antzara arrunta. Oso ohikoa da Araban migrazio garaian, baina oso gutxitan ugaltzen da; hala ere, Salburuan ugaltze leku egonkorra ezarri duela dirudi. Iberiar penintsulan oso gutxitan egiten du habia. Espezie hori Salburuan kokatu izanak iberiar populazio habiagilearen banaketa eta tamaina handitzen ditu. 2013az geroztik Uribarri-Ganboako urtegian ere ugaltzen da.
  • Ahate mokozabala ere bakarrik Salburuan ugaltzen da erkidegoan, 2013tik. Horietaz gain, inguruan oso urriak diren beste bi anatido ugaltzen dira Gasteizko hezegunean: murgilari europarra eta ipar-ahatea.

Denborarekin, Salburuko hezegunea leku estrategikoa bihurtu da Arabako lurraldean ugaltzen diren uretako hegaztiei dagokienez.

2000az geroztik, Araban ugaldu ziren uretako hegaztien % 70 eta 90 bitartean Salburuan ere ugaldu ziren. 2015ean, Araban ugaldu ohi diren espezie bakarrak egin du huts: ubarroi handiak. Araban ugaltzea erabakitzen duten uretako hegaztien bikoteen % 25 eta 40 bitartean Gasteizko hezegunea aukeratzen dute.

Datu horiek guztiak direla eta, duela hamarkada batetik Salburua Euskadin uretako hegazti ugaltzaile gehien hartzen duen hezegunea da, Uribarri Ganboako urtegiaren ondoren. Espezieen kopuruari dagokionez, une honetan autonomia erkidegoan ez dago uretako hegazti habiagileen aniztasun handiagorik duen lekurik.

Harremanetarako datuak

Helbide postalaIGI-CEA - Ingurugiro Gaietarako Ikastegia
Zulueta jauregia
Senda ibilbidea, 2
P.K. 01007 - Vitoria-Gasteiz
Posta elektronikoaceaadmin@vitoria-gasteiz.org
Telefonoa +34 945 16 26 96

Buletin digitala

Ingurugiro Gaietarako Ikastegiaren albiste guztien berri izateko, harpidetu zaitez buletin digitalera. 

Sare sozialak

Facebook x-twitter Boletín

Ekipamenduak

Logoa: Vitoria-Gasteizko Udala

CC BY-SA 4.0 - Vitoria-Gasteizko Udala