urbanAPI proiektuaren lehen emaitzak ikusi ditugu Vitoria-Gasteizen
Irailaren 23tik 25era urbanAPI proiektuaren bilera bat egin zen Europa Biltzar Jauregian, CEAk antolatuta, Austria, Alemania, Italia eta Erresuma Batutik etorritako bazkideekin. Bileran Europako 5 erakundetako lagunak ere egon ziren, proiektuaz kanpoko behatzaile gisa. ICLEI (Iraunkortasunaren aldeko Tokiko Gobernuak), ISOCARP (Hirigileen Nazioarteko Elkartea), Europako Udalerri eta Eskualdeen Kontseilua, Europako Ingurumen Agentzia eta EIONET (Ingurumenaren Informazio eta Behaketarako Europako Sarea) izan dira erakunde horiek.
Egun horietan zehar proiektuan garatzen ari diren tresnen lehen emaitzak aurkeztu dira. Tresnon helburua hiri kudeaketa azkartzea eta kudeaketa horretan herritarren partaidetza txertatzea da.
Lehen aplikazioak, oraindik prototipo bat denak, telefonia mugikorraren datu anonimoak erabiltzen ditu hirian barrena sortzen diren mugikortasun ereduak ezagutzeko.
Bigarren aplikazioak 3D motako eszenak sortzen ditu Udalaren zerbitzu tekniko ezberdinek fisikoki toki berean egon gabe lana partekatu ahal izan dezaten. Era berean, hiriko proiektuak web bidez erakutsi ahal izango dira herritarrek hiriaren diseinu prozesuetan errazago parte hartu ahal izan dezaten.