URBAN KLIMA 2050, Gasteizko hurbileko baratze ekoizpen ekologikoaren alde
Vitoria-Gasteizko Udalak, Ingurugiro Gaietarako Ikastegiaren bitartez eta Euskal Herriko hogei bat erakunde eta entitaterekin batera, URBAN KLIMA 2050 proiektuan parte hartzen du, Klima 2050 (Euskal Autonomia Erkidegoko Klima Aldaketaren Estrategia) Gasteizko hiri eremuan garatzeko. Estrategia horren helburua da berotegi-efektuko gasen isuriak murriztea, eta, aldi berean, gure lurraldeak klima aldaketaren aurrean duen erresilientzia bermatzea.
Testuinguru horretan, Gasteizek esperientzia pilotu bat sortu du hiriaren eta landa-eremuaren arteko lotura hobetzeko, hiri inguruko eremuan nekazaritza ekologikoa sustatuta. Esperientzia horren baitan, Basaldea baratze enpresa ekologikoen udal-zentroa sortu da, Aramangeluko etorkizuneko parke agroekologikoaren hazia izan dadin. Orain ingurune horretako nekazaritza biodibertsitatea hobetzeko plan bat diseinatu da, bertako lursailen ekoizpena errazteko eta ekintzaile berriak erakartzeko helburu bikoitzarekin.
Egungo berotze globalaren testuinguruan, garrantzitsua da kontuan hartzea nekazaritza oso sektore kaltebera dela klima aldaketaren eraginaren aurrean, eta horrek lehen sektorearen jarduera ekonomikoa baldintzatzen duela eta elikagaien ekoizpenari eragiten diola. Nekazaritza eta abeltzaintza ekoizpeneko sistemek gai izan beharko lukete klima aldaketaren ondoriozko ziurgabetasunetara eta kalteberatasunera egokitzeko eta, aldi berean, horiek arintzen laguntzeko, elikadura eta nutrizio segurtasuna arriskuan jarri gabe.
Nekazaritzako biodibertsitatea edo nekazaritzari lotutako dibertsitate biologikoa biodibertsitatearen azpimultzo bat da, elikaduran eta nekazaritzan zuzenean edo zeharka erabiltzen diren animalien, landareen eta mikroorganismoen barietateari eta aldakortasunari buruzkoa. Esperientziak eta ikerketak erakutsi dute nekazaritza biodibertsitatea gai dela, besteak beste, produktibitatea, elikagaien segurtasuna eta itzulkin ekonomikoak areagotzeko, ekoizpena eta diru sarreren aukerak dibertsifikatzen laguntzen baitu. Nekazaritzak eremu hauskorretan, basoetan eta arriskuan dauden espezieetan egiten duen presioa ere murrizten du, eta izurriteen eta gaixotasunen kudeaketan laguntzen du, bai eta klima aldaketaren aurrean erresilientzia areagotzen ere. Eta, azken batean, kanpoko intsumoekiko mendekotasuna murrizten du.
Basaldeko hobekuntza planak hainbat ekintza biltzen ditu, hala nola polinizatzaileentzako lore bandak eta belardiak landatzea, biodibertsitate korridore gisa jardungo duten zuhaixka geruzak gehitzea eta dibertsifikatzea, eta basa fauna garatzen lagunduko duten ur puntuak ezartzea. Aurreikusita dago neurri horietako batzuk lehenestea eta garatzea datozen hiru urteetan, LIFE proiektuaren denbora esparruaren baitan.