Ura Aurrezteko Osoko Planak urtea bete du
Plan honek, eskariaren kudeaketa metodologietan oinarrituz, uraren erabilera eraginkorragoa eta Vitoria-Gasteizko kontsumitzaileen ur eskariaren murriztea planteatzen ditu. Plana lau urtez egongo da indarrean.
12 egitasmo operatibotan artikulaturik, UAOPak ondoko helburuak ditu: azpiegiturak hobetzea, uraren borondatezko aurreztea sustatzea, eraginkortasuna bultzatzea, baliabide alternatiboak (ur araztua, euri urak, tokiko akuiferoetakoak) erabili daitezkeen ikertzea, baliabide honi buruz dagoen informazioa antolatu eta kudeatzeko bideak hobetzea eta uraren erabilerarako araudiaren balizko aldaketa aztertzea.
UAOParen lehen lan urtean garatu diren ekintzak erakundeen eta komunikazioaren egitasmoetakoak dira.
Udalaren zentro eta eraikinetan izaten den ur kontsumoaren lehen bost ikuskaritzak egin dira (Aldabe, Judimendi eta Iparralde gizarte etxeetan, Mendizorrotzan eta San Prudentzio kaleko bulegoetan). Aurki ikuskaritza hauetako emaitzak aurkeztuko dira eta ikuskaritza gehiago egingo dira.
Komunikazio egitasmoari dagokionez, abenduan erakusketa baten bitartez egin zen Planaren aurkezpen ofizialaz gain, publizitate kanpaina bat diseinatu da 'Ura, gure altxorrik handiena' mezuaren bidez hiri osora iritsiko dena ikasturte honetan zehar.
Bestalde, kanilen eta saneamendu sistemen dendekin kontakuak egin dira ura aurrezten duten produktuen erabilera sustatzeko kanpaina bat zabaltzeko. Hitzarmen hau sinatu duten dendek konpromisoa hartu dute ura aurrezteko gailuak salgai jartzeko, produktu hauek modu egokian identifikatzeko eta teknologia hauek azalduz UAOParen baitan prestatu diren liburuxkak hedatzeko. Honez gain, fabrikatzaileekin egin diren kontaktuak erabiliz Produktu Aurreztaileen Katalogo bat prestatu da eta ur kontsumoarekin zerikusia duten sektore profesionalen artean banatuko da.
Bestalde, bi ikerketa tekniko jarri dira abian: batak ur iturri alternatiboen erabilera baloratuko du, eta besteak udaleko ur erabilera arautzen duen legedia eskariaren kudeaketako irizpideak sartuz aldatu ote daitekeen aztertuko du.