Umea egiteko dagoen bisoi europar eme bat grabatu da lehen aldiz Salburuko hezeguneetan
Umea egiteko dagoen bisoi europar eme bat grabatu da lehen aldiz Salburuko hezeguneetan. Ikusten zailak diren espezieen presentzia haiei kalterik egin gabe kontrolatzeko tekniketako bat kamera-tranpena da, hau da, animalia igarotzean aktibatzen den argazki edo bideo kamera. Aurtengo udaberrian, Ataria interpretazio zentroko teknikari batek, Emilio Lópezek, horrelako kamera bat jarri zuen animalia horiek ibili ohi diren leku batean, eta oharrari erantsitako bideoan ikus daitekeen irudia lortzeko zortea izan zuen. Izan ere, umea egiteko dagoen bisoi europar eme aske bat Salburuan grabatu den lehen aldia da.
Bisoi europarra Europako haragijalerik mehatxatuena da, katamotz iberiarrarekin batera, eta galtzeko arrisku larrian dago. Gaur egun, haren banaketa jatorrizko azaleraren % 10era baino gutxiagora murriztu da Europan.
1990ko hamarkadara arte, berriz, Salburuan eta inguruan Mendebaldeko Europako populazio ugarienetako bat bizi zen. XX. mendearen bukaeran, ordea, espezie exotiko inbaditzaile bat sartu zen Zadorraren erdiko arroan eta Salburuan, bisoi amerikarra, zeina jatorrizko espeziearekin lehiatu eta hari lekua kendu baitzion, galtzeko zorian utzita.
Bisoi europarra behin betiko desagertzea eragozteko, Gasteizko Udalak eta Arabako Foru Aldundiak 20 urtetik gora daramate bisoi amerikarraren populazioak kontrolatzen, baina ahalegin horiek ez dira 2014ra arte gauzatu, Europar Batasunak finantzatutako kontserbazio proiektu handinahi batekin: LIFE Lutreola. Proiektua 2018ra arte garatuko da, espezie inbaditzailearen populazioa Zadorra ibaiaren arro osoan desagerrarazteko asmoz; hori lortzen bada, bisoi europarraren populazioa indartuko da, itxian hazitako aleak kontrolpean askatuz.
LIFE Lutreola proiektua martxan hasi zenetik egindako ahaleginei esker, 2014ko udazkenaz geroztik 5 bisoi amerikar desagerrarazi dira Salburuan eta inguruan. Aldi berean, badirudi espezie autoktonoa berriro agertu dela, haren presentzia oso bakana izatetik ohikoagoa izatera igaro baita: inguruan gutxienez 5 ale ikusi dira, 2 ar eta 3 eme. Ziur aski horietako bat da albiste honi erantsitako bideoan harrapatutakoa.