Udalaren ekimenez, zumarrak landatu dira gaur Armentian, w-zuria tximeletaren biziraupena sustatzeko
Gasteizko Udalak, Eraztun Berdearen eta Biodibertsitatearen Atalaren eta CEAren bitartez, w-zuria tximeleta kontserbatzen laguntzeko asmoa duen zumardi txiki bat sortzeko lehen urratsa eman zuen apirilaren 8an. Zehazki, grafiosiari erresistente diren 70 zumar hostotxiki landatu zituzten parte-hartzaileek.
Jarduera goizez hasi zen Atarian, Zerynthia elkarteko kideek w-zuria tximeleta kontserbatzeko dauden arazoen berri eman zuen hitzaldi batekin. Gero, Armentiako parkeraino joan ziren parte-hartzaileak, landaketa egitera. Tximeletak babesteko lekua izanik, Armentiako basoak duen balioa aitortzea ere funtsezkoa da. Hain zuzen ere, Eraztun Berdearen barruko parke horretan 105 eguneko tximeleta espezie bizi dira, eta horri esker Euskadin lepidopteroak behatzeko lekurik onenetako bat da. Estatuan mehatxatutzat sailkatutako zenbait espezieren populazioak ere hartzen ditu, ekimenaren xede den tximeleta, esaterako: w-zuria (Satyrium w-album) deritzona.
W-zuria oso espezie sentibera da, elikatzen dituen landarearen egoera dela kausa. 70eko hamarkadan grafiosia agertu zelarik, gaur egun oso zumar gutxi geratzen dira. Espeziea kontserbatzeko lehentasunezkoa da zumardi autoktonoak babestea, grafiosiari erresistente diren giro freskoetan, loratzeko gauza diren zumar helduak egon daitezen eta tximeletak horietatik elikatzerik izan dezan.
ZERYNTHIA elkartea ari da programa garatzen, penintsularen ipar herenean zumar erresistenteen basotxoak sortzeko. Tximeleta horren presentzia egiaztatu den inguruetan sortzen dira zumarditxo horiek, edo handik gertu. Bibliografia aztertzen da horretarako, eta landa-lana egiten. Esku-hartzearen barruan sartzen da panelak jartzea alderdi hauei buruzko oinarrizko informazioa emateko: zumarrak, grafiosia, tximeleta, kontserbazio egoera, zumarren jatorria. eta egindako esku-hartzea.