Udalaren ekimenez, larunbatean zumarrak landatuko dira Armentian, w-zuria tximeletaren biziraupena sustatzeko
Gasteizko Udalak ‘Zumarrak eta tximeletak’ izeneko jarduera antolatu du larunbaterako, Eraztun Berdearen eta Biodibertsitatearen Atalaren eta IGIren bitartez. Zerynthiarekin —tximeletak eta haien ingurunea babesteko Espainiako elkartea— lankidetzan sustatu da familientzako jarduera hori, eta Eusko Jaurlaritzako zein Arabako Foru Aldundiko ordezkariek ere hartuko dute parte. Jardueraren bitartez, zumardi txiki bat sortu nahi da udalerrian, w-zuria tximeleta kontserbatzen laguntzeko. Zehazki, grafiosiari erresistente diren 70 zumar hostotxiki landatuko dituzte parte-hartzaileek. Izan ere, tximeleta espezie horrek zumarren beharra du bizirik irauteko, eta grafiosiaren eraginez zumar ugari hil dira Iberiar penintsulan azken urteetan.
Jarduera 10.30ean hasiko da, Salburuko hezeguneak interpretatzeko Ataria zentroan. Lehenengo, Zerynthia elkarteko kideek w-zuria tximeleta kontserbatzeko dauden arazoen berri emango diete bertaratuei. Gero, Armentiako parkeko aparkalekuraino (Eskibelerako errepidearen ondoan) joango dira autobusez, eta handik landaketa egitekoa den lekura hurbilduko dira. Autobusa 14.00etan itzuliko da Atarira.
Gasteizko Udalak garrantzitsutzat jo du Eusko Jaurlaritzako eta Arabako Foru Aldundiko ordezkarien partaidetza, administrazio horiek baitute natura ondarea babestu eta kontserbatzeko eskumena, ‘biotopo babestuaren’ izendapena jaso dezaketen espazio naturalak sustatzeko behar diren tresnak indartu ditzaten. Balioespen berezia behar duten elementu biologikoak, interes geologikoko eremuak, leku zehatzak edo formazioak dira, duten bakantasuna, apartekotasuna, edertasun ikusgarria edo interes zientifiko nabarmena direla eta —edo leku horietan bizi diren natur komunitateak babesten dituztelako—.
Tximeletak babesteko lekua izanik Armentiako basoak duen balioa aitortzea ere funtsezkoa da. Hain zuzen ere, Eraztun Berdearen barruko parke horretan 105 eguneko tximeleta espezie bizi dira, eta horri esker Euskadin lepidopteroak behatzeko lekurik onenetako bat da. Estatuan mehatxatutzat sailkatutako zenbait espezieren populazioak ere hartzen ditu, ekimenaren xede den tximeleta, esaterako: w-zuria (Satyrium w-album) deritzona.
Zumarren grafiosia
Grafiosia zumarrari (Ulmus sp.) eragiten dion gaixotasuna fungikoa da. Jatorria Asian duela uste da, eta Asian, Iparramerikan, Europan eta Zeelanda Berrian hedatu da. Iberiar penintsulan 70eko hamarkadan hasi zitzaien zumarrei kalte egiten, eta zumardien gehienak desagertu egin dira; iraun dutenak, berriz, oso ahulduta geratu dira. Onddo batek eragiten du gaixotasuna. Onddoak zuhaitzaren xilemaren hodiak bete eta hedatuz doa; ondorioz, hostoak zimeldu eta hil egiten dira. Kakalardo eskolitido txiki batzuk (Scolytus sp.) dira gaixotasunaren bektoreak, zeinak azalaren eta egurraren artean bizi baitira.
Gaur egungo hazkunde dinamikan ikusten da enbor nagusia hil egiten dela 5 eta 10 metroko altuerara iristen denean. Zumarrak ez dira desagertu, baina sustraitik berriro ernatzen direnez, dinamika hori bertatik bertara ikus daiteke gure zelaietan, han-hemenka zuhaitz lehor ugari baita.
‘W-zuria’ tximeleta
Satyrium w-album edo ‘w-zuria’ tamaina txikiko tximeleta da, lizenidoen familiakoa. Hegoak gehien bat marroi ilunak dira. Atzeko hegoetan laranja koloreko zerrenda bat du, zeinetatik apendize bat ateratzen baita, eta “W” forma duen lerro zuri bereizgarria.
Zumarren beharra du bizirik irauteko, bertatik jaten baitute haren beldarrek hazkuntza garai osoan. Negua arrautza fasean igaro ondoren, otsailean edo martxoan irteten dira beldarrak, zumarrak loratzen diren une berean. Lore horiek dira beldarren lehen janaria, beraz, loratzeko gauza diren zumar helduen beharra dute. Gero, zuhaitzaren hostoak jaten dituzte. Uztaila aldera iristen dira tximeleta fasera, eta laharrak eta intxusa baliatzen dituzte nektarra lortzeko. Eskaera ekologiko horiek direla kausa, oso leku gutxitan topatu dezakegu tximeleta mota hori. Azken urteetan gero eta gutxiago dira, zumarren osasun eskasa dela eta.
Mehatxuak eta kontserbazioa
Oso espezie sentibera da, elikatzen dituen landarearen egoera dela kausa. 70eko hamarkadan Espainian grafiosia (Ophiostoma novo-ulmi) agertu zelarik, gaur egun oso zumar gutxi geratzen dira. 80ko hamarkadaren bukaeran zumardi iberiarren % 85 desagertua zela kalkulatzen da. Espainiako zenbatekorik ez izan arren, Erresuma Batuan % 82 murriztu da tximeleta horren presentzia 1976tik, eta pentsatzekoa da populazio iberiarretan antzekoa gertatuko zela. Espeziea kontserbatzeko lehentasunezkoa da zumardi autoktonoak babestea, grafiosiari erresistente diren giro freskoetan, loratzeko gauza diren zumar helduak egon daitezen eta tximeletak horietatik elikatzerik izan dezan.
“W-zuria” tximeletaren habitata biziberritzeko programa
ZERYNTHIA elkartea ari da programa garatzen, penintsularen ipar herenean zumar erresistenteen basotxoak sortzeko. Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioaren “Zumar iberiarren baliabide genetikoak hobetu eta kontserbatzeko programa nazionaletik” datozen zumar hostotxikiaren (Ulmus minor) ale klonalak erabiliko dira, zeinak Ugaltzeko Baso Materiala Sortzeko Oinarrizko Materialen Katalogo Nazionalean inskribatuta baitaude. Aipatutako ministerioaren Landa Garapen eta Baso politikarako Zuzendaritza Nagusiak eman ditu dohaintzan.
Tximeleta horren presentzia egiaztatu den inguruetan sortzen dira zumarditxo horiek, edo handik gertu. Bibliografia aztertzen da horretarako, eta landa-lana egiten. Esku-hartzearen barruan sartzen da panelak jartzea alderdi hauei buruzko oinarrizko informazioa emateko: zumarrak, grafiosia, tximeleta, kontserbazio egoera, zumarren jatorria. eta egindako esku-hartzea.