eues

Albistea

Udalak Tokiko Agenda 21en aurtengo buletina aurkeztu du

> Agenda 21en 2018ko buletina (PDF)

> Adierazleak

Gasteizko Udalak Arabako hiriburuaren Tokiko Agenda 21en 2018ko buletina aurkeztu du, zeinean 2017. urtean jasotako hainbat ingurumen parametro ebaluatzen baitira. Udalak urtero egiten du lan hori, munduan garapen iraunkorra sustatzeko asmoz sortutako programa baten barruan, eta Ingurumenaren Mundu Egunarekin batera aurkeztu ohi da. “Garrantzitsua da hiriek urtero ‘txekeo’ moduko hori egitea, zertan gabiltzan ondo eta zer hobetu behar dugun jakitearren. Horretaz gain, agiri honen helburu nagusia da Gasteizko Udalak egiten duen lana ezagutaraztea”, nabarmendu du Ingurumenaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi Iñaki Prusillak. “Hiriok erantzukizun handia dugu ingurumenaren alorrean etorkizunerako erronkei heltzeko garaian“, azpimarratu du.

Iñaki Prusillak eta Udaleko Ingurumen Plangintza eta Kudeaketa Zerbitzuko buru Andrés Alonsok aurkeztu dute agiria, zeina udalaren webgunean baitago herritarren eskura, eta alderdi esanguratsuenetako batzuk azaldu dituzte. Ingurumenaren eta Espazio Publikoaren Sailak zenbait emaitza nabarmendu ditu. Horien artean, Gasteizek Udalsarea21en “Euskadiko 2017ko Udalerri Jasangarriaren Saria” jaso izana, ingurumenaren alde egindako apustu sendoagatik.

Sari garrantzitsu horretaz gain, 2017an izan zen azpimarratzeko moduko beste jarduerarik. Esate baterako, zarataren mapa estrategikoa landu zen, zeinak agerian jarri baitu Gasteizko herritarrek jasaten duten zarata-maila murriztu egin dela. Gehiegizko zarata-maila jasaten duten pertsonen kopurua % 23tik % 10era jaitsi da, bereziki trafikoa lasaitzeko neurriei eta garraiobide iraunkor eta osasungarriaren sustapenari esker.

Hain zuzen ere, nabarmentzekoa da hiri autobusen bidaiari kopuruan beste errekor bat lortu dela: 14,5 miloi erabiltzaile. Aurreko ekitaldiaren aldean % 2,1 hazi da, eta TUVISAren maximo historikoa da. Tranbiak ere bere errekorra gainditu du, zortzi milioi bidaiaritik gora zenbatu baitzituen. Horrenbestez, garraio publikoaren erabiltzaileak, orotara, 22.664.395 izan ziren. Aurreko ekitaldiaren aldean, % 3,2 gehiago.

Urari dagokionez, etxeetako kontsumoa biztanleko eta eguneko 107 litro ingurura murriztea lortu da dagoeneko. Eguneko eta biztanleko ur-eskari osoa, berriz, 200 litro baino gutxiagora murriztu da. Energiari gagozkiolarik, Udalak argiteria publikoan eta udal instalazioetan energia-aurrezpena eta -eraginkortasuna lortzeko sustatu dituen politikek izan dute fruiturik, led teknologia baliatuta, esaterako. Horri esker, urteko kontsumoa orduko milioi bat kilowatt murriztu da.

Hondakinen bilketari erreparatuta, birziklatze portzentajea % 30 ingurukoa da gaur egun, baina Udala jakitun da kopuru hori handitu beharra dagoela 2025erako europar eskakizunak betetzeko.

Aipatzekoa da, halaber, egunen % 76an airearen kalitatea ona edo oso ona izan zela Arabako hiriburuan. Eta ez da kalitate txarreko egun bakar bat ere izan. Azkenik, 2017an ingurumen-hezkuntzan parte hartu duten ikasleen kopurua azpimarratu dute Ingurumen Sailetik: 35.392 guztira.

Agenda 21en ilustrazioa

Harremanetarako datuak

Helbide postalaIGI-CEA - Ingurugiro Gaietarako Ikastegia
Zulueta jauregia
Senda ibilbidea, 2
P.K. 01007 - Vitoria-Gasteiz
Posta elektronikoaceaadmin@vitoria-gasteiz.org
Telefonoa +34 945 16 26 96

Buletin digitala

Ingurugiro Gaietarako Ikastegiaren albiste guztien berri izateko, harpidetu zaitez buletin digitalera. 

Sare sozialak

Facebook x-twitter Boletín

Ekipamenduak

Logoa: Vitoria-Gasteizko Udala

CC BY-SA 4.0 - Vitoria-Gasteizko Udala