Udalak kaleko kanpaina bat egingo du ziklistei araudi berriaren xehetasunak azaltzeko
Gasteizko Udalak "Convive en ¡Bici! - Elkarrekin Bizi!" lema duen kanpaina abiarazi du, herritarrei zirkulazioaren araudi berriaren xehetasunak jakinarazteko. Bi hilabete inguru iraungo du kanpainak.
Idoia Garmendiak azaldu duenez, Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak taxututako kanpainak helburu hauek ditu:
- Araudi berriaren alderdi nagusiak ezagutaraztea gidari, ziklista eta oinezkoei, haien eragiten dieten neurrian.
- Oinezkoentzako kaleetan bizikletak zein ordutan igaro daitezkeen ezartzen duen dekretua jakinaraztea.
- Gasteizen mugitzeko modu ezberdinen arteko elkarbizitza sustatzea.
- Txirrindularientzat interesgarri izan daitezkeen beste argibide batzuk ematea, segurtasunez zirkulatzen laguntzeko (argien erabilera, lapurreten kontrako gailuak eta abar).
Txirrindulariei bereziki zuzendutako informazio ekintzak
Udal kanpainaren barruan txirrindulariei bereziki zuzendutako informazio ekintzak nabarmentzen dira. Kalean bertan egingo da kanpaina, ziklista ugari egon ohi den hiriko 15 lekutan:
- Ikastetxeetako irteerak: San Viator, Jesuitak, Mendebaldea edo Ekialdea, esaterako.
- Mendizorrotza eta Buesa Arenaren inguruak, bertako taldeen partida dagoenean.
- Unibertsitate eremua.
- Boulevard merkataritza gunea.
Bi monitore espezializatu kanpainaren irudia daraman bizi-gurdi batez ibiliko dira batetik bestera, eta bizikletentzako argien zein lapurreten kontrako gailuen erakustokia jarriko dute hainbat lekutan.
Bide batez, bizikleten argiztapenari buruzko aholkuak emango dituzte, ezinbesteko osagarria baita ziklisten segurtasunerako, eta lapurreten kontrako aholkuak ere emango dituzte.
Konponketa errazak egiteko aukera ere emango da, eta erabiltzaileei horiek egiten irakatsiko zaie.
Bizikleta erabiltzaileengana era atsegin batean hurbiltzea da helburua, osagai interesgarri eta segurtasunerako lagungarri horien bidez.
Komunikazio kanpainaren beste osagai batzuk
- Liburuxka bat banatuko da Gasteizko etxebizitza guztietako gutunontzietan, Ingurumen zinegotziak sinatutako gutun batekin batera, neurri berriak eta aplikatzeko arrazoiak azaltzeko. Liburuxkak jende ororentzako informazioa ematen du:
- Ziklistentzako plano bat, eguneko edozein ordutan erdigunetik igarotzeko zein aukera dagoen zehazten duena.
- Zirkulazio araudi berriaren alderdi garrantzitsuenak grafikoki erakusten dituen irudi bat, auto gidariek, ziklistek eta oinezkoek argi jakin dezaten zer dagoen baimenduta eta zer ez.
- Ziklistentzako jarraibide zehatzak, jakin dezaten zein kaletan mugatu dirn bizikleten joan-etorriak.
- Ziklistentzako plano bat, eguneko edozein ordutan erdigunetik igarotzeko zein aukera dagoen zehazten duena.
- Tuvisako autobusen atzealdean bereziki auto gidariei zuzendutako mezuak jarriko dira:
- Zure abiadura bizikleten abiadurara egokitu.
- Bizikletekiko 1,5 metroko segurtasun-distantzia zaindu.
- Errespetatu ziklistek igarotzeko duten lehentasuna.
- Errei bakarra duten kaleetan, abiadura 30 km/h da.
- Udalerriko mupiak.
- Hedabideak: irrati iragarkiak eta beste iragarpen batzuk tokiko hedabideetan.
- Behin-behineko seinaleztapena: seinale bertikalak jarriko dira bizikleten zirkulazioa ordu jakin batzuetara mugatuta dagoen kaleetan. Inguru horietako leku gakoetan jarriko dira, zenbait astez.
Bizikleta erabiltzaileei kale horietan zerbait aldatu dela ohartaraztea da helburua, ordu jakin batzuetan ezingo baitira bertatik zirkulatu.