Udalak hamasei pertsona kontratatu ditu bide berdeen inguruko paisaia egokitu eta Olarizuko lorategian lan egiteko
Gasteizko Udalak ingurumenarekin lotutako zenbait proiektu garatzeko bi enplegu plan sortu ditu, Ingurugiro Gaietarako Ikastegiaren eta Ekonomia Sustapenerako Sailaren bitartez. Orotara hamasei pertsona kontratatu dira, bi taldetan banatuta.
Taldeburuak eta sei baso-peoik osatzen dute lehen taldea, zeinak udalerriko bide berdeen inguruko paisaia egokitzeko lanak egiten baititu. Bigarren taldea taldeburuak eta zortzi langilek osatzen dute, eta Olarizuko lorategi botanikoan zein Olarizuko baratzeetan egokitze eta baratzezaintza lanak egiten ari dira. Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak koordinatu eta gainbegiratzen ditu bi taldeak.
Enplegu plan horiek azaroaren erdialdean hasi ziren eta geroztik hainbat lan egin dute. Esate baterako, hauek:
- 1.500 zuhaitz landatzea Olarizuko lorategi botanikoan, Europako basoen arboretoko bildumak osatu eta birlandatzeko.
- Zadorra ibaiaren kontserbazio-eremu berezian, Margaritatik igarotzean, kilometro bateko tartean biodibertsitatea lehengoratu eta hobetzea. Ibaiertzetako Arabako 10 espezie autoktonotako 400 ale aldatu ziren.
- Nebera gainaren ekialdean zeuden terrazak egokitzea, gerora fruta-arbolak jartzeko, eta Olarizuko lorategi botanikoa eta Salburuko hezegunea lotzeko Eraztun Berdearen lotura trazatzea.
- 3.500 aldaxka baso-albeolotan sartzea, ondoren Jundizko lursail esperimentaletan landatzeko. Erabilitako aldaxkak sektorean puntakoak diren Suedia eta Italiako enpresetatik ekarri dira, biomasa ekoizteko balio handia duten makal eta sahats espezie komertzialen hornitzaile baitira. PhytoSudoe proiektuaren barruko jarduera da, zeinean Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak eta Gasteizko Udalak hartzen baitute parte, Frantzia eta Portugaleko beste erakunde batzuekin batera.