Udalak gizartetik baztertuta geratzeko arriskua duten 10 pertsonaren kontratazioa sustatuko du Olarizuko lorategi botanikoaren ingurua eta udalerriko bide berdeak egokitzeko
Olarizuko lorategi botanikoaren inguruko paisaia egokitzeko eta baratzezaintzako zerbitzuak kontratatzeko planak 192.213,66 euroko aurrekontua du, eta bide berdeen inguruko paisaia egokitzeko eta baso-lanak egiteko zerbitzuak 88.719,40 euroko aurrekontua.
Udalak ez du langile espezializatu propiorik lan horiek egiteko, eta Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren Sailak sustatutako bi enplegu programa baliatzen ditu horretarako, Ingurugiro Gaietarako Ikastegiaren eta Eraztun Berdearen eta Biodibertsitatearen Atalaren laguntzarekin. Gizartetik baztertuta geratzeko arriskua duten pertsonak laneratzea eta prestakuntza ahalbidetzen dute programa horiek.
Lorategi botanikoari dagokion kontratuak 2016ko irailetik 2017ko abuztura arte iraungo du. Olarizuko lorategi botanikoko landareak zaintzea eta landare erabilgarri eta mehatxatuen bilduma lantzea da helburua. Lan hauek egin beharko dituzte: garbitu, berez ateratzen diren landareak kontrolatu, landare inbaditzaileak kendu, jorratu, aitzurtu, segatu, sasiak garbitu, ureztatu, ongarritu eta tratamendu fitosanitarioak eman. Orobat, baratzezaintza lanak egingo dira: haziak jaso, substratuak prestatu, erein, ureztatu, sustraiak moztu, lekualdatu, landatu eta beste lan osagarri batzuk. Enpresa esleipendunak proiektuan gutxienez gizartetik baztertuta geratzeko arriskua duten sei pertsona sartzeko konpromisoa hartuko du, gehi taldeburu bat eta tutore bat.
Bide berdeen inguruko paisaia egokitzeko eta baso-lanak egiteko zerbitzuen kontratuak 2016ko irailetik 2017ko otsailera arte iraungo du. Enpresa esleipendunak proiektuan gutxienez gizartetik baztertuta geratzeko arriskua duten lau pertsona sartzeko konpromisoa hartuko du, gehi taldeburu bat eta tutore bat. Olarizuko etxaldean, bide berdeen sarean eta inguruetan egingo dira lanak.
Bide berdeak eta inguruneko espazio publiko naturalizatuak hobetu eta onik zaintzeko lanak egingo dituzte: garbitu, berez ateratzen diren landareak kontrolatu, landare inbaditzaileak kendu, segatu, sasiak garbitu, inausi, zuhaitzak moztu, landareak ebaki, ureztatu eta tratamendu fitosanitarioak eman. Baso-lanak ere egingo dira, ibilbide eta espazio naturalizatu berriak sortzeko, besteak beste, ongarritu, erein, landatu eta lekualdatu. Horretaz gain, lan osagarri hauek egingo dituzte: lurra lekuz aldatu, landatzeko substratuak prestatu, salda fungizidak prestatu, materialak garraiatu, landare hondarrak txikitu, konposta irauli, ezpondak finkatu eta beste.