Udalak eta Visesak Koroatzearen auzoko SmartEnCity proiektuari buruzko informazio guztia biltzen duen agiria aurkeztu dute
> SmartEnCity proiektuaren webgunea (http://www.vitoria-gasteiz.org/koroatzeauzoa)
Gasteizko Udalak eta Visesa Eusko Jaurlaritzaren sozietate publikoak proiektuari buruzko informazio guztia biltzen duen agiri bat aurkeztu dute gaur goizean. Dosierra webgunean, Visesaren webgunean eta Aldabeko gizarte etxean eskura daiteke, eta Ingurugiro Gaietarako Ikastegiaren kontseiluan ere aurkeztu da. Ekimen horrek Koroatzearen auzoa eraldatuko du, bertako auzokoen bizi-kalitatea hobetzeko xedez, energia-eraginkortasuna, mugikortasun iraunkorra eta informazioaren teknologien (IKT) erabilera hobetzeko ekintzen bidez.
Espazio publikoan egitekoak diren jarduerak oraindik ez daude zehaztuta, baina Udala horiek lantzen ari da dagoeneko. Esku-hartzeak Koroatzearen auzoko bizilagunekin, elkarteekin eta entitateekin batera zehaztuko dira. Teknikariek dagoeneko leku interesgarri batzuk identifikatu dituzte: Aldabe plaza, Ziudadela plaza, Arriagako atea (Antepara kalearen eta San Ignazio kalearen artean), Kutxa plazako berdeguneak eta oinezkoen pasabide batzuk. Altzari publikoak eta argiteria ere hobetuko dira, eta beroa banatzeko sarea instalatzeko behar diren zangak egingo dira. Koroatzearen auzoko gizarte-eragileen eta auzo elkarteen sostengua funtsezkoa izan da Europako Batzordearen oniritzia lortzeko. Espazio publikoaren alorreko lanak 2017an hasiko dira ziur aski.
Une honetan, birgaitze energetikorako zenbait aurreproiektu lantzen ari dira, auzoan dauden eraikin mota ezberdinen arabera, parte hartzeko interesa duten jabeen erkidegoek aztertu ditzaten. Informazio hori 2016ko uztailerako prest egongo dela kalkulatu da. Visesak espero du udazkenerako jarri ahalko duela abian erkidegoentzako aholkularitza zerbitzua, birgaitzeko lanen aurrekontua egin eta eskuratu daitezkeen laguntzez informatzeko.
Etxebizitzak birgaitzeko lanak 2017an hasiko dira. Eusko Jaurlaritzak eta Gasteizko Udalak berme funts bat sortuko dute, birgaitzearen hileroko kuotari aurre egiteko gaitasun ekonomikorik ez duten jabeei laguntzeko. Proiektuaren egitasmo deigarrienetako bat galdara zentral bat instalatzea da, zeinak energia berriztagarria baliatuko baitu, gastua eta berotegi-efektuko gasen emisioak murrizteko. Oraindik ez da zehaztu galdara nola kudeatuko den eta nolako zerbitzua eskainiko den. Proiektuaren arduradunek iragarri dute Aldabeko gizarte etxetik gertu kokatuko dela.
Birgaitze energetikoaren batez besteko prezioa etxebizitza bakoitzeko 21.000 euro ingurukoa izango dela jo da. Administrazioen diru-laguntzek 11.400 euro estaliko dute, beraz, jabeek 9.600 euro jarri beharko dute. Dena dela, hori kalkulua besterik ez da, egoera sozio-ekonomikoaren azterketa eta proiektua oraindik ez baitira zehaztu. Hauek dira proiektuaren toki-bazkideak: Visesa-Eusko Jaurlaritza, Gasteizko Udala, Tecnalia, Mondragón Taldea, Ingurugiro Gaietarako Ikastegia, Fagor Ederlan, Etxetresna Elektrikoen Euskadiko Kluster Taldea, ETIC Smart Cities Innovation Center, MCCTelecom, Acciona Azpiegiturak, Giroa, Cartif, eta Estudios Gis. Errota Zaharra auzo elkartea lankide da.
Finantzazioari dagokionez, SmartEnCity proiektuak 75.500.000 euroko aurrekontua du guztira (hiru hiriak barne: Gasteiz, Tartu eta Sonderborg). Europako Batzordearen guztizko diru-laguntza 27.800.000 eurokoa da. Gasteizko proiekturako aurrekontua 29.500.000 eurokoa da eta Bruselatik 10.880.000 euroko diru-laguntza jasoko da. Europako diru-laguntzaren kontura gehienez 750 etxebizitza birgaitu eta berokuntza sarea eraiki ahalko dira; Eusko Jaurlaritzak Visesaren bidez eta Gasteizko Udalak egindako ekarpenari esker 1.313 etxebizitza birgaitu ahal dira guztira.