Udalak eta EHUk Vitoria-Gasteizko planoa argitaratu dute txirrindularientzat
Udaleko Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak, Euskal Herriko Unibertsitatearen zein Gasteizko Bizikleteroak taldearen laguntzarekin, bizikletaren erabiltzaileentzako informazio erabilgarria jasotzen duen planoa argitaratu du, bereziki, unibertsitateko ikasleei zuzenduta, eta ikasleek campuserako joan-etorrietan garraiobide hori erabil dezaten sustatzeko.
"Bizikletaz campusera" izeneko maparen bost mila ale banatuko dira unibertsitatearen, Ingurugiro Gaietarako Ikastegiaren (CEA) eta herritarrei laguntzeko bulegoen artean. "Oso tresna baliagarria izango da, jada, campusera garraiobide hori baliatua joaten diren unibertsitateko ikasleen kopurua handitzeko Vitoria-Gasteizko mugikortasun iraunkorra sustatzearen alde Udalak egin duen apustuan ezinbesteko pieza da" Alba Cañadas Ingurumen eta Iraunkortasun Sailaren zinegotziak esan duenez.
"Bizikletaz campusera" mapan hiriko bizikletentzako sareari, bizikleten udal erregistroari edo bizikletentzako aparkalekuen kokapenari buruzko informazioa biltzen da. Horretaz gain, bizikleten lapurretak ekiditeko neurriak eta bidegorri zein errepideetatik ibiltzeko aholkuak ematen dira. Gainera, euria ari duen egunetarako gomendioak eta hiriko txirrindularien zein bide publikoen bestelako erabiltzaileen arteko elkarbizitza baketsua sustatzeko aholkuak ematen dira.
Bizikletaren erabilera sustatzeko berriki abiarazi diren bestelako ekintzei erantsi zaio planoa, besteak beste, azpiegituretan egindako hobekuntzak, edo maileguen zerbitzuan egindakoak, bizikleten erregistroa ezartzea edo bizikletentzako ibilbideen planifikazioa abian jartzea.
"Ildo horretatik bultzatzen ari garen jarduerekin pozik gaude herritarren artean harrera ona dutelako, adibidez, web orrian, jada, ia bi mila bisita izan ditugu. Cañadasek gehitu duenez "horrek Vitoria-Gasteizen gero eta pertsona gehiagok aldatzen duela bere mugitzeko modua eta hiri ekologiarekin bat egiten duela adierazten du"