Udalak esperientzia pilotu bat jarriko du martxan hiriko zuhaitzen kalitatea eta mantentzea hobetzeko
Espazio Publikoaren Saileko teknikariez gain, CEA ere ari da parte hartzen planean. Hasteko, esperientzia pilotu bat jarriko da martxan Pilar eta Zaramaga auzoetan, eta gero Gasteizko beste auzo batzuetara hedatzea da xedea, behar diren egokitzapenekin.
Arbolazain aditu bat auzo horietako zuhaitzen egoeraren diagnosia lantzen ari da dagoeneko. Azterlana udarako prest egotea espero da, baina ez da guztiz ziurra, Udalak herritarrei planean parte hartzeko aukera emateko asmoa baitu, eta lehentasuna agiri adostua izatea baita.
Esperientzia Pilar eta Zaramaga auzoetan abiatzea erabaki du Udalak, bertan tamaina handiko zuhaitz ugari dagoelako etxeen fatxadetatik oso hurbil, eta horrek eragozpenak ekarri ohi dizkielako auzokoei, argi falta, esaterako.
2003an Hiriko Zuhaiztiak Kudeatu eta Babesteari buruzko Ordenantza onartu zen; bertan xedatzen da ahal dela zuhaitzen egitura naturala mantendu behar dela, eta gutxienez metroko distantzia egon behar dela adaburuetatik eraikinetako fatxada, balkoi, begiratoki eta erlaitzetaraino.
Parte hartzeko prozesua
Udalak herritar guztiei ireki nahi die Zamaraga eta Pilar auzoetako Hiriko Zuhaiztiak Kudeatzeko Planaren lanketa, egoeraren diagnosian eta proposatutako ereduan ikuspuntu guztiak kontuan hartzeko.
Beraz, ingurumen eta auzo elkarteei diagnosi fasean esku hartzeko aukera emango zaie, eta auditoretza lantzeaz arduratzen ari den aditua zein udal teknikariak aldian behin bilduko dira haiekin. Bestalde, aipatutako arbolazainak herritar orori zuzendutako hitzaldi irekiak ematea aurreikusi da, zuhaitzen balioaz sentikortzeaz gain proposamenak, kexak eta abar jasotzeko.