Udalak energia elektrikoa zuzenean merkatuan erostearen eta udal merkaturatzailea sortzearen bideragarritasuna aztertuko du
Gasteizko Udalak energia elektrikoa oraingoez bestelako formulen bidez erostearen bideragarritasuna (ingurumen, gizarte, ekonomia eta lege ikuspuntuetatik) aztertuko du, CEAren Agentzia Energetikoaren bitartez. Zehazki, elektrizitatearen handizkako merkatuan zuzenean kontsumitzea edo udalaren merkaturatzailea sortzeko aukerak. Bigarren aukera horren bitartez, Udalak autonomia handiagoa izango luke erosle gisa, eta soberakinak baliabide gutxiko taldeei lagatzea edo dohaintzan ematea eta hartara pobrezia energetikoa murriztea ere ahalbidetu lezake. Oraingoz, Udalak azterlan bat agindu dio Som energía-Energia gara enpresari, 6.929 euroan (BEZa barne), etorkizunerako hainbat aukera balioestearren.
Azterlana egiteko Gasteizko Udalak erakundeaz eta udal enpresez dituen elektrizitate-datuak hartuko dira oinarritzat. Orain arte egindako ekonomia eta energia diagnostikoak erabiliko dira, udal eraikinak zein espazio publikoa kontuan hartuz.
Kontratatutako enpresak hiru hilabeteko epean aurkeztu beharko ditu oraingo elektrizitate-merkatuaren deskribapena eta Udalak izan ditzakeen aukeren ebaluazioa. Gainera, aukera paralelo eta osagarri ezberdinak aztertuko ditu, alderatu eta emaitzei buruzko agiria landuko. Som energía-energia gara enpresak aukera bakoitzak dituen abantailak eta desabantailak jasoko ditu agiri batean, eta beste hiri batzuetan burututako esperientziak azalduko. Era berean, etorkizunean ezarri beharreko ekintzen kronograma bat eta bide-orri bat zehaztuko ditu txostenak.
Azken hilabeteetan, Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak estatuko beste udal batzuek emandako pausoak aztertu ditu. Avilésen, esaterako, energia elektrikoa merkatuan erosten dute zuzenean espazio publikoan erabiltzeko, eta Zaragozan ere eredu horri jarraitu nahi diote. Iruñean eta Bartzelonan, berriz, merkaturatzaile bat martxan jartzeko asmoa dute. Valentzian ere Gasteizek agindutako azterlanaren antzekoa landu dute, baina oraindik ez dute erabaki zein aukeraren alde egingo duten.