eues

Albistea

Udalak elikadura-sistema jasangarriaren aldeko konpromisoa berretsi du, eta bat egin du Elikadurari eta Klimari buruzko Glasgowko Adierazpenarekin

Glasgowko Adierazpenaren logoa

Gasteizek berretsi egin du elikadura-sistema jasangarri baten aldeko konpromisoa, eta horretarako, Elikadura eta Klimari buruzko Glasgowko Adierazpenarekin bat egitea onetsi du Tokiko Gobernu Batzarrak. “Adierazpen hori sinatuta, gure hiriak agerian uzten du bere konpromisoa tokiko nekazaritzako elikagaien estrategiarekin eta tokiko 2030 Agendaren barruan etorkizunerako ekintza-planarekin bat datorren elikadura-sistemarantz aurrera egiteko. Nazioarteko ekimenak konpromisoa lortu nahi du elikadura-politika integratuen lanketa bizkortzeko, klima-aldaketaren aurkako borrokan funtsezko tresna baitira. Mota eta tamaina guztietako tokiko agintariak bildu nahi ditu —hiri txiki eta ertainetatik hasi eta megahirietaraino, barruti eta eskualdeak, estatu federalak eta probintziak barne—, berotegi-efektuko gasen emisioak murrizteko konpromisoa har dezaten, eta gobernu nazionalei eta nazioarteko erakundeei jarduteko deia egiten die. Gasteizek agertoki horretan egon nahi du, eta egon behar du”, nabarmendu du Gorka Urtaran alkateak.

Izan ere, alkateak azaldu duenez, “gaur egungo elikadura-sistemek berotegi-efektuko gas guztien % 21-37 inguru sortzen dute, eta ingurumenaren degradazioa, desberdintasun sozioekonomikoak, osasun publikoko arazoak eta elikagaien segurtasunik eza eragiten. Era berean, klimaren eta naturaren krisiak elikadura-sistemei eragiten die, eta dagoeneko hasia da eragina izaten elikagaien errendimendu eta prezioetan, banaketaren fidagarritasunean eta pertsona guztientzako elikagaien kalitatean eta segurtasunean. Elikadura-sistemek inpaktu positiboak sortzeko ahalmen handia dute ohitura jasangarriagoak berreskuratu edo hartzeari begira“.

Gorka Urtaranek gogorarazi du Udala nekazaritzako elikagaien tokiko estrategia bat lantzen ari dela, Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak koordinatuta, elikadura-sistemen eragin globalari tokitik bertatik aurre egiteko.

2021eko azaroan Klima Aldaketari buruzko Nazio Batuen Konferentzia (COP26) egingo da Glasgown. Herrialdeen egungo konpromiso klimatikoetatik klima- eta natura-larrialdiei aurre egiteko beharrezkoa den eraldaketa garrantzitsuraino dagoen arrakala gainditzeko erronkari egin beharko dio aurre konferentziak. “Ekitaldi hori aukera paregabea da elikadura-sistemaren eraldaketa klima-eztabaidaren abangoardian jartzeko, eta, testuinguru horretan sortu da Elikadurari eta Klimari buruzko Glasgowko Adierazpena. elikadura-politika integratuen garapena bizkortzeko eta gobernu nazionalak ekintzara deitzeko konpromisoa duten hiri, erakunde eta entitateak biltzen ditu adierazpen horrek “, azaldu du alkateak.

Laburbilduta, gaur onartutako adierazpenak konpromiso hauek jasotzen ditu:

  • Elikadura-politika eta -estrategia integratuak garatu eta ezartzea, klima-aldaketaren aurkako borrokan funtsezko tresna gisa; ziurtatu beharko da tresna horiek elikadura-sistemez duten ikuspegiak elikadura-kateko katebegi guztietako eragileak barne hartzen dituela, elikadura-sistemen berotegi-efektuko gasen emisioak murrizteko helburuak ebaluatzeko parametroak baliatzen dituztela, eta nazioz azpiko gobernuen artean lankidetzarako eta jardunbide onenak trukatzeko aukerak ematen dituztela.
  • Hiri eta eskualdeetako elikadura-sistemetako berotegi-efektuko gasen isuriak murriztea, Parisko Akordioarekin eta Garapen Iraunkorrerako Helburuekin bat etorriz, eta elikadura-sistema iraunkorrak eraikitzea, ekosistemak berreraikitzeko eta guztiontzat dieta seguruak, osasungarriak, eskuragarriak, merkeak eta iraunkorrak emateko gai izango direnak.
  • Gobernu nazionalei eskatzea horren aldeko laguntza-esparru politikoak ezartzeko, baita maila anitzeko eta eragile anitzeko gobernantza-mekanismoak ere, elikadura-sistemei buruzko erabakiak modu koordinatuan hartu ahal izateko. Mekanismo horiek elikadura-politika nazional inklusiboak lantzen lagunduko dute, eta politika horiek nazio-mailan zehaztutako ekarpenen berrikuspenetan txertatuko dira.

Elikadura eta Klimari buruzko Glasgowko Adierazpena

Harremanetarako datuak

Helbide postalaIGI-CEA - Ingurugiro Gaietarako Ikastegia
Zulueta jauregia
Senda ibilbidea, 2
P.K. 01007 - Vitoria-Gasteiz
Posta elektronikoaceaadmin@vitoria-gasteiz.org
Telefonoa +34 945 16 26 96

Buletin digitala

Ingurugiro Gaietarako Ikastegiaren albiste guztien berri izateko, harpidetu zaitez buletin digitalera. 

Sare sozialak

Facebook x-twitter Boletín

Ekipamenduak

Logoa: Vitoria-Gasteizko Udala

CC BY-SA 4.0 - Vitoria-Gasteizko Udala