Udalak 90 leku eskainiko ditu hiri baratzeetako baratzezaintza ekologikoari buruzko ikastaroetarako
Gasteizko Udalak ireki du jadanik udalaren hiri-baratzeetako baratzezaintza ekologikoari buruzko ikastaroetan izena emateko epea. Udalak, Ingurugiro Gaietarako Ikastegiaren bitartez, baratzezaintza ekologikoari buruzko prestakuntza praktikoa jasotzeko aukera eskaintzen die herritarrei, “ondoren, denbora librean eta familiaren aisialdian autokontsumorako jarduerak errazago eta ezagutza handiagoz garatu ahal izan ditzaten”, Ingurumenaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi Iñaki Prusillak azaldu duenez. Orotara 90 leku eskainiko ditu CEAk deialdi honetan; aurreko urteetan baino gehiago. “Ikastaro praktikoak dira”, azaldu du zinegotziak.
Eskolak maiatzean eta ekainean izango dira; ondoren, parte-hartzaileek lursail bat erabiltzeko baimena lor dezakete, udal ordenantzak xedatutakoaren haritik. Ikastaroak Urarteko baratzeetan (Abetxuku) izango dira: orotara 20 ordu iraungo dute, 8 egunetan banatuta. Tarifak hiriko gizarte etxeetan hiri baratzezaintzari buruz eskaintzen diren ikastaroen antzekoak izango dira. Prezioa 38,80 euro da abonatuta ez daudenentzat, eta udal instalazioetako abonatuei, 60 urtetik gorakoei, ikasleei eta langabeei deskontua egiten zaie.
CEAk hainbat zerbitzu eskaintzen ditu: udal baratzeak, gizarte etxeetakoak, eskola-baratzeak… Urarteko baratzeak Eraztun Berdean daude. Orotara 5 hektarea hartzen du esparruak, eta banakako 230 lursail ditu, bakoitza 75 metro koadrokoa, gehi 600 metro koadroko baratze kolektiboa, heziketa jarduerak egiteko edo taldeek erabiltzeko. Zerbitzu-eraikina ere badu, lantegi-ikasgela, produktu eta lanabesen biltegia, armairutxoak eta aldagelak eta informazio bulegoa barne hartzen dituena.
Eskura dagoen beste baliabide bat komunitatean kudeatzen diren baratzeena da. Horren adibide dira Zabalortu Kultur Elkarteak kudeatzen dituen Zabalganeko baratzeak eta Ekoboruzek Lakuan daramatzan ortuak, eta biak ala biak ‘Mejorando Vitoria-Gasteiz Hobetuz’ aurrekontu parte-hartzaileei esker jarri ziren martxan. Aipatu dugun lehen proiektuak 200 kide ditu eta Lakuakoak, berriz, 160 erabiltzaile ditu 3 eta 6 pertsona bitarteko 40 taldetan banatuta. Gainera, Mejorando Vitoria-Gasteiz Hobetuz’ aurrekontu parte-hartzaileen bigarren edizioan erabaki denez, beste hiri-baratze bat irekiko da Zabalganen laster.