eues

Albistea

Udalak 2016ko Tokiko Agenda 21i dagokion buletina aurkeztu du, Ingurumenaren Mundu Egunarekin batera

> 2017ko Agenda 21en buletina

Gasteizko Udalak Tokiko Agenda 21en 2017ko buletina aurkeztu du, zeinean 2016. urtean jasotako hainbat ingurumen parametro ebaluatzen baitira. Udalak urtero egiten du lan hori, munduan garapen iraunkorra sustatzeko asmoz sortutako programa baten barruan, eta Ingurumenaren Mundu Egunarekin batera aurkeztu ohi da. "Tokiko gobernuok erantzukizun handia dugu klima-aldaketaren kontra borrokatzeko eta ingurumenaren, gizartearen eta ekonomiaren ikuspuntutik etorkizun iraunkorra sustatzeko garaian. Eta horretarako gure egoera aldian behin aztertu behar dugu, adierazleen bitartez", azaldu du Ingurumeneko zinegotzi Iñaki Prusillak.

Iñaki Prusillak eta Udaleko Ingurumen Plangintza eta Kudeaketa Zerbitzuko buru Andrés Alonsok aurkeztu dute agiria, zeina udalaren web gunean baitago herritarren eskura. Ingurumenaren eta Espazio Publikoaren Sailetik nabarmendu da 2016an Udalak bat egin zuela Euskal Herrian egin zen Hiri eta Herri Iraunkorren Europako 8. Konferentzian aurkeztutako "Euskal Adierazpenarekin": europar gizartea eraldatzeko dokumentu markoa da, Europaren errealitate soziala, ekonomikoa eta ingurumenaren arlokoaren jakitun izan dadin, eta arduraz joka dezan. Iñaki Prusillak gogorarazi duenez, Iraunkortasunerako Euskal Udalerrien Sarean —Udalsarea 21— ere lan egin da, bai eta antzeko beste ekimen batzuetan ere.

Mugikortasunaren alorrean, garraio publikoaren gorakada izan da emaitza deigarrienetako bat, ibilgailu motordun pribatuen —eta, beraz, emisioen— gutxitzearekin batera. Izan ere, 2016an inoizko bidaiari kopururik handiena lortu zen garraio publikoan. TUVISAren bidaiari-kopurua 14,2 milioi izan zen, eta tranbiarena, 7,7 milioi, beraz, orotara 22 milioi erabiltzaile izan zituen garraio publikoak. Aurreko urtearen aldean % 2ko hazkundea da. Flota berritzen hasteak eta mugikortasun proiektu berriek datu horiek gainditzeko aukera eman lezakete.

Etxeetako kontsumoa biztanleko eta eguneko 106 litro inguruan sendotu da. Urtebetean, pertsona eta eguneko ur-eskaria 16 litro murriztu da. Energiari dagokionez, argiteria publikoan urteko kontsumoa orduko milioi bat kilowatt gutxitzea lortu da, hiriko zenbait alderditan led teknologia baliatuz. Udal instalazioetan aurrezpena eta eraginkortasuna sustatzeko neurriak ere ezarri dira.

Orobat, Ingurumen Sailak nabarmendu du 2016ko egunen % 77an airearen kalitatea ona edo oso ona izan zela, eta egun bakarrean izan zela txarra. Hondakinen kudeaketaren arloan, biztanle bakoitzak egunean 0,98 hiri-hondakin sortu zituen 2016an. Dena dela, Gasteizek hobetu beharra du hondakinen jatorrizko banaketa, eta datuak eta jokabideak gorantz sendotu. Azkenik, 2016an ingurumen-hezkuntzan parte hartu duten ikasleen kopurua azpimarratu dute Ingurumen Sailetik: 36.103 guztira.

Harremanetarako datuak

Helbide postalaIGI-CEA - Ingurugiro Gaietarako Ikastegia
Zulueta jauregia
Senda ibilbidea, 2
P.K. 01007 - Vitoria-Gasteiz
Posta elektronikoaceaadmin@vitoria-gasteiz.org
Telefonoa +34 945 16 26 96

Buletin digitala

Ingurugiro Gaietarako Ikastegiaren albiste guztien berri izateko, harpidetu zaitez buletin digitalera. 

Sare sozialak

Facebook x-twitter Boletín

Ekipamenduak

Logoa: Vitoria-Gasteizko Udala

CC BY-SA 4.0 - Vitoria-Gasteizko Udala