Udalak 15.000 euro emango ditu hiri-nekazaritza ekologikoaren alorreko herritar ekimenei laguntzeko deialdiaren bitartez
Gasteizko Udalak, Ingurugiro Gaietarako Ikastegiaren bitartez, urteak daramatza hiri-baratzezaintza ekologikoa hirian eta hiri ingurunean (Eraztun Berdea) landu dadin sustatzen, hiriko azpiegitura berdea osatu, elikagaien tokiko ekoizpena eta kontsumoa sustatu eta elikadura osasungarria zein aisialdi aktiboa eta herritarren ekimenak bultzatzeko xedez.
Beraz, hiri-nekazaritza ekologikoaren alorrean hiriko zenbait taldek garatzen dituzten herritar ekimenei laguntzeko asmoz, IGIk laguntza-deialdi bat abiatu du lehen aldiz, eta 15.000 euro banatuko ditu irizpide ekologikoei jarraitzen dieten hiri nekazaritzako proiektuak garatu daitezen. IGIk % 80rainoko laguntza emango die proiektuei, baldin eta udal erakunde horrek ezarritako irizpideak betetzen badituzte. Irabazi-asmorik gabeko gizarte eta auzo elkarte eta entitateak izan daitezke onuradunak.
“Herritarrek bertako elikagaien eta elikagai ekologikoen ekoizpenak eta kontsumoak duten garrantziaz kontzientzia har dezaten eta Gasteiz inguruan hori ahalbidetzen duten proiektuetan parte har dezaten lortu nahi du deialdiak“, azaldu du Ingurumeneko zinegotzi eta IGIko lehendakari Iñaki Prusillak. “Gure gizartean oinarrizko zenbait kontzeptu zabaltzen laguntzea da helburua, besteak beste, tokiko produktuen ekoizpena, elikadura osasungarria eta osasunerako hezkuntza“, adierazi du.
Deialdiaren oinarriak hemen kontsulta daitezke. Proposamenak aurkezteko epea 2017ko urtarrilaren 3ra arte egongo da zabalik, egun hori barne.