Udalak 15.000 euro emango ditu hiri-nekazaritza ekologikoaren alorreko herritar ekimenak laguntzeko
Gasteizko Udalak, Ingurugiro Gaietarako Ikastegiaren bitartez, urteak daramatza hiri-baratzezaintza ekologikoa hirian eta hiri ingurunean (Eraztun Berdea) landu dadin sustatzen, hiriko azpiegitura berdea osatu, elikagaien tokiko ekoizpena eta kontsumoa sustatu eta elikadura osasungarria zein aisialdi aktiboa eta herritarren ekimenak bultzatzeko xedez.
Hiri-nekazaritza ekologikoaren alorrean hiriko zenbait taldek garatzen dituzten herritar ekimenei laguntzeko asmoz, CEAk laguntza-deialdi bat abiatu du berriz ere, eta 15.000 euro banatuko ditu irizpide ekologikoei jarraitzen dieten hiri nekazaritzako proiektuak garatu daitezen. CEAk % 80rainoko laguntza emango die proiektuei, baldin eta udal erakunde horrek ezarritako irizpideak betetzen badituzte. Irabazi-asmorik gabeko gizarte eta auzo elkarte eta entitateak izan daitezke onuradunak.
Deialdiaren oinarriak eta laburpena ALHAOn argitaratu dira, 30. zenbakian (martxoaren 12koa) eta 31. zenbakian (martxoaren 14koa), hurrenez hurren.
Deialdiaren oinarriak hemen kontsulta daitezke. Proposamenak aurkezteko epea 2018ko maiatzaren 14ra arte egongo da zabalik, egun hori barne.