eues

Albistea

Udala ibilgailu elektrikoak Gasteizen nahiz Iruñean kargatzea ahalbidetzen duen proba pilotu batean parte hartzen ari da

Gasteizko Udala ibilgailu elektrikoen bateriak Gasteiz nahiz Iruñeko kargaguneetan kargatzea ahalbidetzen duen proba pilotu batean parte hartzen ari da uda honetan.

Esperientzia ICT4EVEU europar proiektuaren barruan egiten ari da, zeinean Udalak CEAren bitartez parte hartzen baitu. Europar Batasunak proiektuaren % 50 finantzatzen du. Elektro-mugikortasuna sustatzeaz gain, informazio eta komunikazio teknologietan (IKT) oinarritutako zerbitzu berritzaileak garatzea du helburutzat, ibilgailu elektrikoak kudeatzeko sistema ezberdinak bateratu ahal izateko.

Gasteizen eta Iruñean bateriak kargatzeko dauden guneak entitate ezberdinenak dira: Ibil eta Iberdrola, hurrenez hurren. Hori dela eta, Ibil sistemaren erabiltzaileek ezin dituzte ibilgailuak kargatu Iberdrolaren kargaguneetan, eta alderantziz.

ICT4EVEU proiektuaren proba pilotu honek, ordea, bi hirietako edozein kargagune erabiltzeko aukera ematen du. Hori ahalbidetzeko, kudeaketa sistema komuna garatu da, bi enpresa horietako ibilgailu elektrikoen erabiltzaileek txartela aldatu beharrik gabe kargatzeko azpiegiturak baliatzerik izan dezaten; hartara, bi hirien artean -100 km-ra daude- ibilgailu elektrikoz ibiltzeko aukerak handituko dira.

Zerbitzu berria ibilgailu elektrikoen erabiltzaileen artean sustatzeko, ICT4EVEU proiektuak zenbait pizgarri eskaintzen ditu:

  • Doako kargak parte-hartzaile guztientzat, probaldi osoan.
  • 5 doako karga IBILek Euskadin dituen gune publikoetan, proba egiten duten guztientzat.
  • Iruñera 3 bidaia egiten duten lehen 5 erabiltzaileei, doako kargaz gain, smartphone aske bat emango zaie opari; horretarako ibilgailua han kargatu, argazkia bidali eta galdetegiak bete beharko dituzte.

Proiektuan parte hartzeko hitza ematen duten pertsonek gutxienez joan-etorriko bidaia bat egin behar dute bi hirien artean, probaldiak irauten duen bitartean -uztailaren 1etik urriaren 31ra arte-, eta ibilgailua proiektuarekin lotutako kargaguneetako batean kargatu, hala Iruñean nola Gasteizen. Gainera, smartphonea lortu nahi dutenek aipatutako betekizunak bete behar dituzte.

Ibilgailu elektriko hutsa dutelarik ICT4EVEU proiektuan sartu diren bi karga kudeatzaileetako batekin diharduten orok hartu ahalko dute parte: Ibil eta Iberdrola.

Parte hartu nahi dutenek mezu bat bidali behar dute ceaadmin@vitoria-gasteiz.org helbidera, eta gaian hau zehaztu: "ICT4EVEU proiektuan parte hartzen dut". Mezuan parte-hartzailearen datuak zehaztu behar dira: izen-deiturak, telefono zenbakia eta harremanetarako helbide elektronikoa. Karga operadorea eta ibilgailu modeloa ere zehaztu behar dira.

Proiektuaren arduradunak interesdunekin harremanetan jarriko dira.

2014ko irailaren 30era arte eman daiteke izena.

Harremanetarako datuak

Helbide postalaIGI-CEA - Ingurugiro Gaietarako Ikastegia
Zulueta jauregia
Senda ibilbidea, 2
P.K. 01007 - Vitoria-Gasteiz
Posta elektronikoaceaadmin@vitoria-gasteiz.org
Telefonoa +34 945 16 26 96

Buletin digitala

Ingurugiro Gaietarako Ikastegiaren albiste guztien berri izateko, harpidetu zaitez buletin digitalera. 

Sare sozialak

Facebook x-twitter Boletín

Ekipamenduak

Logoa: Vitoria-Gasteizko Udala

CC BY-SA 4.0 - Vitoria-Gasteizko Udala