eues

Albistea

Udal Haur Eskolen menu osasungarri eta jasangarri berria arrakastaz ezarri da, CEAren eta elikaduran adituak direnen laguntzarekin

Janari katilu bat haur eskola batean

Gasteizko Udal Haur Eskolek ederto bukatu dute jantoki zerbitzu berria ezartzeko programa. Orain, osasungarriagoa den eta ingurumenarekiko begirune gehiago duen menua dute jantokietan.

Udaleko Hezkuntza Zerbitzua kezkatuta zegoen gaur egun dauden elikadura arazoekin, batez ere findutako elikagaien, azukreen eta proteinen gehiegizko kontsumoagatik eta fruta, barazki eta osoko zerealen kontsumo txikiagatik. Horregatik, pasa den ikasturtean udal zentro horien eskaintza berriztatzea proposatu zen, haurrek janariarekin duten erlazioa hobea izan dadin.

Elikadura plan berrian, janaria egunero prestatzen dute sukaldaritza langileek eskoletan bertan eta hezitzaileek eskaintzen diete umeei. Plan horri esker, kalitate handiko produktuak, jasangarriak direnak, sasoikoak eta, sarritan, ekologikoak direnak ematen dira.

“Zientziari esker, badakigu elikadura osasungarria funtsezkoa dela haurtzaroan, gero bizitza osoan zehar dieta orekatua izateko. Hezkuntza Sailetik, eta Ingurugiro Gaietarako Ikastegiaren laguntzarekin, haurrek osagai nutritiboak eta ingurumenarekiko onak direnak ezagutzeko aukera izan dezaten lagunduko dugu”, azaldu du Hezkuntza zinegotzi eta alkateorde den Felipe Garcíak.

Elikadura plan berria zuzen abian jartzeko asmoz, prestakuntza eman zaie bai sukaldeko langileei bai ikastetxeetako hezitzaieei. Era berean, bi informazio hitzaldi eman zituen familientzat María Manera Bassols kataluniar dietista-nutrizionistak. María Cataluniako Osasun Publikoko Agentziakoa da eta lehen haurtzaroan elikadura ona garatzeko zenbait aholku giden egilea da.

Oinarrizko menu berria dagoeneko ematen ari dira eskoletan, eta egungo gomendio nutrizional eta dietetikoetan oinarrituta dago. Menjadors Ecologics elkarteak (jantokietan elikadura ekologikoa sustatzen duten profesionalen elkarte bat da) prestatu du Hezkuntza Zerbitzuarekin elkarlanean, eta Ingurugiro Gaietarako Ikastegiaren lankidetza eta inplikazioari esker sortu ahal izan da.

Hilabete hotzetarako oinarrizko menu bat prestatu da, eta beste bat hilabete beroetarako. Eskolek hamaiketakoa eta bazkaria eskaintzen dute egunero. Hamaiketarako, haurrek fruta mota asko, sasoikoa, hartzen dute goiz erdian. Bazkaltzeko, barazkia dago (100gr barazki jaten dute, mota anitzetakoak eta sasoikoak, kolore, zapore eta ehundura askotako platerak prestatzeko egokiak), karbohidratoak (osoko zerealak, adibidez artatxikia, artobeltza edo patata) eta animalia zein landare proteina (oilaskoa, txahala, arrain freskoa, arrautza eta eltzekariak), azken hori orain arte eskaintzen zena baino gutxiago. Aurrekoaz gain, oliba olio estra besterik ez da erabiltzen, koipe gisa, platerak prestatzeko.

Oinarrizko menua moldatu egiten da eskakizun bereziak dituzten haurrentzat, adibidez intolerantziak edo alergiak dituztenak edo familien arabera beste dieta mota batzuk dituztenak, azken egoera hori gero eta ohikoagoa baita Udal Haur Eskoletan.

Harremanetarako datuak

Helbide postalaIGI-CEA - Ingurugiro Gaietarako Ikastegia
Zulueta jauregia
Senda ibilbidea, 2
P.K. 01007 - Vitoria-Gasteiz
Posta elektronikoaceaadmin@vitoria-gasteiz.org
Telefonoa +34 945 16 26 96

Buletin digitala

Ingurugiro Gaietarako Ikastegiaren albiste guztien berri izateko, harpidetu zaitez buletin digitalera. 

Sare sozialak

Facebook x-twitter Boletín

Ekipamenduak

Logoa: Vitoria-Gasteizko Udala

CC BY-SA 4.0 - Vitoria-Gasteizko Udala