Udal eraikinen energia ziurtagiriak
Udalak berrehun eraikin eta lokal inguru kudeatzen ditu guztira: ikastetxeak, kiroldegiak, gizarte etxeak, udal bulegoak, suhiltzaileen eta poliziaren eraikinak... Mota guztietako eraikinak dira, batzuk zaharragoak, besteak berriagoak, handiak zein txikiak.. Eta denek energia asko kontsumitzen dute.
Ba al dakigu nola ari diren funtzionatzen gure eraikinak, energiaren ikuspuntutik? eraginkorrak al dira? energia eta, beraz, dirua aurrez al dezakegu? zer aldatu beharko litzateke horretarako?
Galdera horiei erantzuteko, ezinbestekoa da 2010. urtean Europar Legebiltzarrak onartutako zuzentarauak dioena betetzea. Espainia mailan zuzentaraua 235/2013 Errege Dekretuaren bidez ezarri da, eta hori Eusko Jaurlaritzaren Dekretu baten eta bi Aginduren bidez. Arau horiek epeak finkatu dituzte eraikin publiko guztiek energia ziurtagiria eduki dezaten. Xehetasunak Errege Dekretuan eta ondoren etorri zen Eusko Jaurlaritzaren garapenean kontsulta daitezke.
Zertan datza eraikinen energia ziurtagiria? Funtsean eraikinaren inguratzaile termikoa (fatxadak, zoruak eta teilatuak) eta bero zein argiztapen instalazioak analizatzea da, eraikinari kalifikazio bat esleitzeko. Alegia, ikuspuntu energetikotik nota bat jartzeko: eraginkortasun oso txikikotik (G letrakoa) oso eraginkorrera arte (A letrakoa). Guztira zazpi eraginkortasun maila daude.
Eraikinen kalifikazio energetikoaren ondoren garrantzitsuena dator: haiek eraginkorragoak egiteko neurriak hartzea eta horrela energia aurreztea.
Gasteizko Udalak, CEAren mendekoa den Energiaren Agentziaren bidez, udal eraikinen ziurtagiri energetikoak sortzeko barne protokolo bat jarri du abian 2014. urtean. Helburua argia da: ziurtagiriak sortu eraginkortasuna hobetzeko. Legeak ezarri dituen epeak betetzeko legezko betebeharraz haratago, protokoloaren azken xedea ural eraikinen habitagarritasun baldintzak etengabe hobetzea da, horretarako eraginkortasun energetikoa hobetuz. Prozesuan zuzenean gehien inplikatutako udal zerbitzuak CEA bera, Mantenimendukoa eta Arkitekturakoa dira.
Ziurtagiri energetikoetarako protokoloaren bidez zeregin hori udalaren beraren giza baliabide zein baliabide teknikoekin burutu nahi da, kontrolerako, adaptaziorako eta erabakiak hartzeko gaitasuna ahalik eta handiena izan dadin. Probetako lehen fasean dagoeneko eman zaie ziurtagiria hainbat eraikini, esaterako Ibaiondo gizarte etxeari, Judimendi eta Ramón Bajo ikastetxeei eta Haurtzaro udal haurreskolari. Prozesuak abian darrai eta urtea amaitu baino lehen hogei bat eraikinek ziurtagiria eduki dezaten espero da.