Udaberrian Lakuako azpiegitura berdea osatuko da
Udalak Hiri Azpiegitura Berdearen Estrategia lantzen jarraituko du, natura hirian barneratzeko, eta horrek eskaintzen dizkigun ingurumen, ekologia eta gizarte onurez baliatzeko. Horrekin lotuta, Lakuabizkarrean azpiegitura berderako lanak egiteko laugarren fasea kontratatzeko eskaintza onuragarriena aukeratu da dagoeneko. Inguruan hogeita lau lursail biziberritzeko iaz abian jarri zen proiektuaren barruan sartzen da jarduera, eta funtsean lurra mugitzeko eta lorezaintzako lanak egingo dira: orubeak egokitu, heskai bertikalak jarri, fruitu-arbolen ortuak sortu, erdibitzaileetan landareak aldatu eta beste azpiegitura berde batzuk osatu.
Arabako hiriburuko auzo horretan egiten ari den proiektu pilotua bukatzen denean Zabalganera eraman nahi da ekimena. Ingurugiro Gaietarako Ikastegiaren estrategiaren barruan sartzen da ekimena, hogeigarren urteurrenean filosofia berriari jarraitu nahi baitio. Zehazki, 2020rako Hiri Azpiegitura Berdearen sistema hiriko beste leku batzuetan ezartzen ahaleginduko da CEA, sistema berdeak osatuz hiria eraldatzeko aukera dela uste baitu. Une honetan, Lakuabizkarreko lursailak naturalizatzeko proiektu pilotua amaitzea da asmoa, eta hori herritarrei ezagutaraztea, hitzaldi, erakusketa eta lantegien bidez. Hurrengo fasea Zabalganean garatuko da.