Txoriastea 2019, hegaztiei lotutako ekintzen astea
Igandean, urriak 6, Hegaztien Jaia ospatuko da Ataria zentroan
Datorren astean Txoriastea deritzon programa egingo da Gasteizen; duela 20 urte hasi zen Ingurugiro Gaietarako Ikastegia hegaztiekiko grina eta begirunea adierazteko hitzordu hori antolatzen.
Irailaren 30etik urriaren 6ra arte, efemeridea hiriko txoko guztietan ospatzeko gonbita egiten du IGIk, “hartara herritarrak hegaztien mundura hurbil daitezen, Eraztun Berdeko parkeetan, Atarian eta Florida zinema-aretoetan antolatutako jardueretan parte hartuz”, nabarmendu du IGIko lehendakari Ana Oregik.
Zinema-zikloa
Asteko lehen hiru egunetarako zinema-zikloa prestatu da; solasaldiak ere izango dira, Urdaibai Bird Centerreko kudeatzaile Edorta Unamunoren eta zinema-zuzendari Arturo Menor eta José Díazen eskutik. Florida zinema-aretoetan hegaztiak protagonista nagusitzat dituzten bi film eta dokumental bat eskainiko dira, 19:30ean hasita.
Astelehena, irailak 30, 19:30: URDAIBAREN TAUPADA (Alberto Rojo, 2017). Espainia. 96 min.
Dokumental horren bitartez Urdaibai biosferaren erreserba ezagutuko duzu, zeina UNESCOk duela 30 urte baino gehiago izendatu baitzuen natura-erreserba, bertan lan egiten duten pertsonen istorioak, bertatik hurbil egiten diren jarduerak eta Espainiako iparraldean ohikoak diren paisaiez betetako leku ugariak tarteko. Landetxe bat, upeltegi bat eta ikerketa ozeanografikorako zentro bat dira, besteak beste, ekosistemaren leku nagusietako batzuk.
Asteartea, urriak 1, 19:30 Barbacana, la huella del lobo (Arturo Menor, 2018). Espainia. 75 min.
Ahaleginaren eta hobetzearen kronika horrek ezagutzera eman nahi du otsoek iberiar ekosisteman duten garrantzia, eta kontserbatzeko dituzten arazoak. Zine digitaleko kamerarik modernoenak eta errodatzeko lanabes aurreratuenak erabili dira filmatzeko. Irudi- eta soinu-ikuskizuna gure zentzumenetarako.
Asteartea, urriak 2, 19:30 100 días de soledad (Gerardo Olivares, José Díaz, 2016). Espainia. 93 min.
José Diazek Redes Parke Naturalean (Asturias) duen txabolan emango ditu ehun egun; buruaskia izango da, eta mundu errealetik eta aurrerapenetatik erabat deskonektatuta egongo da. Ez du izango ez argindarrik, ez mugikorrik, ez telebistarik, ez ordenagailurik, ez erlojurik… Gizakia naturarekin bakarrik.
Urriaren 3an (osteguna), Ekologistak Martxan taldearen kanpainen koordinatzaile Theo Oberhuberrek “Biodiversidad, la crisis silenciada” izenburua duen hitzaldia emango du; izan ere, klima-aldaketak merezi duen protagonismo publikoa lortu du, behingoz, azken urteotan. Baina bada berri onik: oraindik posible da aurrean dugun espezien seigarren suntsipen masiboa gelditzea, baldin eta herritarrok informazioa lortzen badugu eta biodibertsitatea kontserbatzeko neurri lotesleak eskatzeko mugitzen bagara.
Bisita eta afaria Salburuan, txotxongiloak eta Hegaztien Jaia
Urriaren 4an (ostirala), Salburuan oreinen mahai-ingurua entzutera joatera gonbidatzen zaitu IGIk, espezie horren sekretuak ezagut ditzazun. Alorreko aditu baten eskutik bisita interesgarria egin ahalko duzu parkean barrena, eta ondoren afari atsegina dastatu Atarian, solasaldia eta guzti.
Hilaren 5ean (larunbata), Felipe Fernándezek “animalien txotxongiloak” egiten ikasteko lantegia emango du Atarian, 17:00etan.
Urriaren 6an (igandea), azkenik, Hegaztien Jaia egingo da Ataria zentroan, 11:00etatik 14:00etara. Senide eta lagunekin ospatzeko ekitaldia izango da.