Tokiko V. CONAMA Vitoria-Gasteizen egingo da azaroaren 29tik abenduaren 1era
Beste urte batez, 1992tik bi urterik behin Ingurumeneko Biltzar Nazionalaren antolatzaile den CONAMA fundazioak topaketa bat atondu du Espainia osoko tokiko erakundeak deituz. Bosgarren tokiko topaketa honetan hiri eta udalerrietan iraunkortasuna bultzatu nahi da berriro ere.
Aurten Vitoria-Gasteizen izango da tokiko CONAMA hau, eta Gasteizek 2012ko Europako Hiriburu Berde gisa ostatatuko duen lehen ekimena izango da. Azaroaren 29tik abenduaren 1era Gasteiz erreferentzia izango da hiri mailako iraunkortasuna bilatzeko bidean.
Topaketa honetarako hautatu diren gaiak askotarikoak dira: energia eta klima aldaketa, mugikortasun adimentsua, hiri berdeagoak, ekoizpena eta kontsumoa... Osoko batzarrak, mahainguruak, jardunaldi teknikoak, lantegiak eta bilerak egiteko beste hainbat modu erabiliko dira. Are gehiago, topaketa honetan interes berezia dago kalera irten eta herritarren ahotsa entzuteko, eta ingurumen eta gizarte politikek duten eragina zuzenean ikusteko.
Foro hau ez dago adituei soilik zuzendua; tokiko eta udalerriaz gaindiko erakundeen ordezkariak, ekintzaileak, enpresak, gizarte zibileko erakundeen liderrak, irakasleak, ikertzaileak zein kazetariak ere bertaratu daitezke.