Tokiko Agenda 21aren buletina aurkeztu da
Urtero egiten den bezala, pasa den ekainaren 13an Tokiko Agenda 21aren 2005. urteko buletina aurkeztu zen jendaurrean. Dagoeneko zortzi dira 1998tik hiriaren zein udalerriaren ingurumen egoera eta jasangarritasun baldintza orokorrak aztertzen dituzten txostenak. Beti bezala, buletinak hainbat alor jorratzen ditu: hiri poluzioa, baliabideen kontsumoa, lur okupazioa, zirkulazio intentsitatea, etab.
Zortzigarren argitaraldi honetan, iaz onartu ziren 35 adierazleen sistema berria jaso du buletinak. Adierazleetako batzuen definizioa aldatu egin da pixka bat, zehatzagoa izan dadin, eta beste batzuk moldatu egin dira. Aldaketa hauen xedea errealitate edo arazo zehatzak hobeto adieraztea izan da.
Adierazleak analizatuz zera ikusten da, urteko aldaketak txikiak direla eta joerak ez direla nabarmenak; alabaina, esan daiteke alor batzuetan zentzu positiboan aurrera egiten ari garela. Airearen kalitatea hobetzean, esaterako, industriak ingurumen alorrean inplikazio handiagoa izateak asko lagundu du. Hondakinen birziklatzean, bestalde, jendearen partehartzea funtsezkoa izan da emaitza onak lortzeko.
Beste emaitza batzuk ez dira hain egokiak. Energi kontsumoak, adibidez, ez du gutxitzeko joera erakusten, kontrakoa baizik. Beraz, ezinbestekoa da kontzientziatze ahaleginak indartzea eta egungo kontsumo joerak aldatzera lagunduko duten neurriak hartzea.