Teknozoruei eta fitoerremediazioari buruzko ikastaroaren balantzea
Hasteko, sarrera hitzaldi instituzionaletan, CEAren zuzendari Luis Andrés Orivek, CEAren presidente Iñaki Prusillak eta Arabako Campuseko errektoreorde Javier Garaizarrek erakundeen (Unibertsitatearen eta udal erakundeen) arteko lankidetzaren garrantzia nabarmendu zuten lurralde eredu jasangarriaren aldeko lanean aurrera egiteko. Ondoren hitzaldi teknikoak egin ziren ostegun eta ostiral goizetan.
Aurkezpenean PhytoSUDOE proiektua aipatu zen. Frantzia, Portugal eta Espainiako ikertzaileek (baita Neiker, EHU/UPV, CSIS, USC eta CEAkoek ere) gune kutsatuen sare bat identifikatuko dute fitokudeaketa teknika berriak esperimentatzeko eta, azken helburu gisa, horrelako arazoak kudeatzeko balioko duen gida metodologiko bat idazteko. Proiektua 2018ko urrian amaituko da.
Ikastaroko hitzaldien artean bi nabarmen daitezke, batez ere nazioartean duten proiekzioagatik. Felipe Macías ikertzaileak Kanadan ingurumen leheneratzeek izan zuten jatorri historikoa azaldu zuen, bai eta As Pontes de García-Rodriguez (Galizia) herrian dagoen lignito meategiaren kasua ere. Michel Mench ikertzaileak, berriz, Europa mailan lurzoru kutsatuek duten arazoen ikuspegi orokorra eskaini zuen eta arrakastatsua izango den proiektu batek garatu behar duen fitokudeaketa estrategia baterako gakoak azaldu zituen. Hain zuzen, hiru elementu garrantzitsu aipatu zituen: tokiaren problematika eta balizko konponbideak identifikatzen lagunduko duen lantalde aditua, proiektuan hasieratik bukaerara inplikatuta egongo diren tokiko agintariak eta erremediazio teknika berriak ezarriz lagunduko duten enpresak.
Ostegun arratsaldean Laminoriako harrobia teknozoruen bidez nola leheneratu den ikusi zuten ikasleek tokian bertan (azalpenak Neikerreko Bernardo Catón eta Gerardo Besgaren eskutik) eta ostiralean Gasteizko Udalaren bi proiektu esperimental bisitatu ziren: Gardelegiko teknozoruen proiektua eta Jundizen material bioegonkortuz eta labore energetikoz egin den leheneratzea.