SmartEnCity egitasmoaren bitartez Koroatze auzoa birgaitzeko Udalak proposatu dituen egitasmoen erakusketa
Aldabeko gizarte etxean erakusketa eskainiko da datorren astelehenetik hasita, irailaren 12tik 24ra, udal zerbitzu teknikoek espazio publikoan egin beharreko esku-hartzeak erabakitzeko proposatu dituzten proiektuak herritarrei erakusteko; proiektu horien asmoa da Koroatze auzoa birgaiztu eta eraberritzea, ekimen hori SmartEnCity proiektuaren barruan kokatzen dela. Aurreko ekainaren 21ean, 2017tik aurrera egingo diren ekintza zehatzak definitzeko partaidetza-prozesuari eman zitzaion hasiera. Halako eguna ere Aldaben egin zen eta 100dik gora lagun bertaratu ziren. SmartEnCity ekimena Europar Batasunak aukeratu zuen eta Gasteizko udala eta Visesa (Eusko Jaurlaritzaren sozietate publikoa) ditu sustatzaile nagusi. Ekimenaren helburua da auzo hori eraldatzea, bertako bizilagunen bizimodua hobetu ahal izateko, energia eraginkortasuna, mugikortasun iraunkorra eta informazioaren teknologien erabilera hobetzeko esku-hartzeak eginda.
Proiektu honetako jarduera-ildo nagusietakoa da zoladurak, altzariak eta lorezaintza hobetzea, kaleak eta plazak berritzea, eta argiteria publikoaren sistema eraginkorragoa ezartzea. Zentzu horretan, Udalak 2 milioi euroko aurrekontua dauka ekintzak gauzatzeko, eta ekintza horiek Koroatze auzoko bizilagunekin adostutakoak izatea nahi du, betiere proiektuak ezarritako jarduera-eremuaren barnean. Jarduera-eremu hori Koroatze kaleak, Domingo Beltran kaleak, Badaia kaleak eta Arriagako ateak mugatzen dute.
Udaleko teknikariek azken hilabeteetan zehar auzoko leku interesgarri batzuk identifikatu dituzte, eta horietan espazio publikoaren kalitatea hobetzeko esku hartu nahi dute, esate baterako: Aldabe plaza, Ziudadela plaza, Arriagako atea (Antepara kalearen eta San Ignazio kalearen artean), Kutxa plazako berdeguneak eta auzoan dauden oinezkoen pasabide batzuk. Altzari publikoak eta argiteria ere hobetuko dira, eta beroa banatzeko sarea instalatzeko behar diren zangak egingo dira.
Partaidetza-prozesuari jarraipena ematearren, irailaren 12an, beraz, erakustaldia zabalduko da, proposatutako proiektuak bertan aurkezteko. Bideratzaile batek eskainiko du arreta erakusketan, eta bertara hurbiltzen diren pertsonei lagunduko die proiektuak interpretatzen, haiek balioetsi ahal ditzaten eta gero ekarpenak egin. Gainera, hala nahi duten herritarrek, Udalak eskainitako proposamenak ezagutzeaz gain, beren ustez beharrezkoak diren beste batzuk iradoki ahal izango dituzte, eta lehentasunak ezarri ingurua hobetzeko beharrizanetan.
Erakustaldia irailaren 12an irekiko da Aldabeko gizarte etxean eta bertan bisitatu ahal izango da irailaren 24ra arte, astelehenetik ostiralera eta 10:00etatik 12:30era eta 18:00etatik 20:30era ordutegian. Irailaren 17an, larunbatarekin batera, Mugikortasun Iraunkorraren Europako Astearen testuinguruan, erakusketa Aldabe kalean egongo da 10:00etatik 14:00etara. Eta irailaren 24an, larunbatean ere Aldabeko gizarte etxean bisitatu ahal izango da 10:00etatik 14:00etara.