Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak Espainiako Ornitologia Elkartearekin duen lankidetza hitzarmena berritu du

2010az geroztik, Gasteizko Udaleko Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak lankidetza estua du SEO/BirdLife erakundearekin. Hitzarmen horretan, hegaztiak aztertzera eta kontserbatzera eta gure herritarrak sentsibilizatzera bideratutako ekintza ugari egin dira.
Sinatutako hitzarmenaren ardatz nagusia Gasteizko Hiri Hegaztiak Kontserbatzeko Programaren bidez herritarrak aktibatzea da. Ekimena Arabako hiriburuko Herritarren Zientziaren Sarearen barruan dago. Ekimen horrek bi helburu ditu: alde batetik, hiriko hegazti faunari buruzko ezagutza zientifikoa bultzatzea, eta, bestetik, herritarrek natura ondarearen kontserbazioarekin duten konpromiso zibikoa aktibatzea.
SEO/BirdLife erakundeak koordinatutako proiektu horren bidez, udalerrian dauden hegazti arrunten populazioen jarraipena egiten da, hiriko ingurumenaren egoeraren adierazle fidagarriak lortzeko. Errolda horiek, neurri handian, ingurumen arloko boluntarioen parte hartzearekin egin dira, eta joerak detektatzeko, espezieen bilakaera aztertzeko eta arriskuan dauden habitatak identifikatzeko aukera ematen dute, biodibertsitatearen arloan udal politika eraginkorrak diseinatzeko funtsezko datuak emateaz gain.
Programa, gainera, herritarren zientziarako tresna bikaina da. Zientzia horren arrakasta ingurumenaren ezagutzaren eta ekintzaren protagonista bihurtzen diren herritarren inplikazio aktiboan dago.
Lankidetza hori bat dator Biodibertsitatea Kontserbatzeko Udal Estrategiarekin eta Gasteizek Europako Green Capital gisa bere gain hartu dituen nazioarteko konpromisoekin.
70. urteurrena
Ingurumen erakunde beteranoenetako eta ospetsuenetakoa den Espainiako Ornitologia Elkartea 70. urteurrena ospatzen ari da. Iaz egin behar zen ospakizuna da, baina ezin izan zen egin Valentziako GOIDIaren hondamendiaren ondorioz.