Salburuko parkeko saguzarren inguruko ikerlana
Salburuko parkea ingurune egokia da saguzarrak bizitzeko, haientzako habitat egokiak diren ur masa handiak eta landare maila askoko guneak (larreak, sastrakadiak, zuhaitzak) baititu. Paisaien mosaiko horrek habitat mota asko eta intsektu asko dituenez, ezin hobea da saguzarrak bertan bizitzeko. Hala ere, duela gutxira arte parkeak ez zuen babes egokirik ugaztun horientzat, ez baitago ez zulorik ez eraikin abandonaturik ez harkaiztirik, eta hutsuneak dituzten enborrak gutxi baitira.
2009an 95 babes-kutxa ipini ziren parkean, saguzarrek babes egokia aurki zezaten eta horrela bioaniztasuna handi zedin. Lehen urteak igaro ondoren, eta kutxak aldian behin ikuskatuta, hainbat tokitako kutxek harrera ona izan dutela ikusi da (Errekabarrikoak eta Las Zumas behatokikoak batez ere), baina beste toki batzuetan okupazioa oso txikia da (Atarian, Pradagoian); hirugarren multzo batean daude tarteko okupazioa dutenak (Betoñu ekialdea eta Betoñu mendebaldea).
Oro har, emaitzak gero eta hobeak dira: 2010-2013 tarteko datuak alderatuz, kutxak gero eta erabiliagoak direla ikusi da, eta saguzar kopurua gero eta handiagoa dela.