Salburuko hezegunea turismo ornitologikoko sare batean sartuko da
Basquetour turismoaren euskal agentzia eta Ingurugiro Gaietarako Ikastegia (IGI) elkarlanean arituko dira 'Birding Euskadi' izeneko proiektua abiarazten, naturarekin lotutako turismoa sustatzeko helburuarekin.
Hegazti eta fauna baliabide interesgarriak dituzten Euskal Herriko inguruak bilduko ditu Birding Euskadik, baldin eta kalitateko turismoaren markaz ezagutarazteko ezaugarriak badituzte -Salburuko hezeguneak bezala-, turismo espezializatua erakarriko duen ornitologia sarea osatze aldera. IGIk Basquetour agentziarekin Sarean sartzeko hartu duen konpromisoaren bitartez, turistei hegaztiak behatzeko inguruetara sartzen lagunduko zaie, baldin eta hegaztiak eta fauna arriskuan jartzen ez diren eremuak badira. Aldi berean, baliabide ornitologikoak eta haien habitata zaintzeaz arduratu behar da, baldintzak albait onenak izan daitezen hegaztiak bertan dauden bitartean, habia egiteko orduan, neguan nahiz migrazio garaian.
Sare barruko herri bakoitzak bulego bat izan beharko du behaketa inguruei buruzko informazioa emateko; Vitoria-Gasteizen kasuan, hezeguneak interpretatzeko zentroan, Atarian, kokatuko da.
"Lankidetza horri esker, gure inguruneko naturaren aberastasuna nabarmentzen dugu, eta udalerrian bioaniztasuna zaintzeari eta sustatzeari beste bultzada bat ematen diogu. Izan ere, Salburuko hezegunea Vitoria-Gasteizen ezaugarrietako bat da jada, eta hemendik aurrera, natura turismoaren erreferentzia ere izango da", adierazi du Ingurumen zinegotzi Alba Cañadasek.